Koronabirusa Azpeitian

Ametsetako bidaia, amesgaizto

Uztarria.eus 2020ko mar. 20a, 12:49

Koronabirusak hankaz gora jarri du mundua, baita Brasilgo bost lagunek Euskal Herrira egin duten bidaia ere. Inaziotar Bidea egitea zen haien asmoa, eta "triste" daude ezin izan dutelako amaitu. Azpeitian hainbat gau igaro ostean, gaur gauean itzuliko dira beren herrialdera.

Bidaia gehienak aspaldidanik amestutakoak izaten dira, eta hala zen Gilvana Gehring Andreolak (1986, Videira Santa Catarina, Brasil) Euskal Herrira egin berri duena ere. Beste lau brasildarrekin hasi zuen abentura: Antonio Andreola bere senarrarekin, Ivete Trevisanekin, Vidal Trevisanekin eta Sirivaldo Barbierirekin. Guztiak Brasilgo hegoaldetik etorri ziren, amets baten atzetik: Inaziotar Bidea egitea zen haien nahi bakarra.

Andreolak 2018tik zerabilen buruan Euskal Herrira etortzea, eta denborarekin, "bidaia espiritual" hori gauzatzeko aukera sortu zitzaion. Martxoaren 12an, osteguna, iritsi ziren Azpeitira; "Eliza Katolikoak Loiolako Inazio santu izendatu zuen egun berean", hain zuzen. "Gure asmo bakarra zen Inazio non bizi izan zen ikustea, Loiolako baseliza ezagutzea, eta Inazioren historiara ahalik eta gehien hurbiltzea".

Azpeitira iritsi eta hurrengo egunean, Inaziotar Bidearen lehen etapa egin zuten, Loiolatik Zumarragara (Gipuzkoa) artekoa. Larunbatean, Zumarragatik Arantzazura (Gipuzkoa) joan ziren –bigarren etapa–, eta igandean, Arantzazutik Araiara (Araba) –hirugarren etapa–. Lehen etapa inolako arazorik gabe egin zuten, baina bigarrengoan sortu zitzaizkien zailtasunak. "Arantzazura iritsi ginenean, hotelak eta jatetxeak itxita aurkitu genituen, koronabirusaren eraginez. Frantziskotar apaiz bati laguntza eskatu genion orduan; hark hotel batera deitu zuen laguntza eskatuz, eta hotel horretan gaua pasatzen utzi ziguten". Hirugarren etapan, ordea, Araian, ez zuten horrenbesteko zorterik izan. "Ez genuen pertsona bat bera ere aurkitu kalean, eta gaua pasatu behar genuen hotela itxita topatu genuen". Orduan, poliziari eskatu zioten laguntza, baina ez zuten ezer lortu. Dena den, aurkitu zuten lo egiteko lekua, hotela bezain erosoa ez bazen ere. "Brasilgo kamioi gidari batekin egin genuen topo. Kamioia autoz beteta zeraman, eta auto horien barruen pasatu genuen gaua".

Berriro Azpeitira

COVID-19 gaitzak eragindako egoera tarteko, bidaiarekin ezin zutela jarraitu ohartu ziren bost brasildarrak. Baina zer egin? Non pasatu etxera itzuli arteko gauak? Orduan, ideia bat izan zuen lagun taldeak. Azpeitian izan zirenean, Internet bidez alokatutako etxe batean eman zuten gaua – Gurutze Eizagirreren anaiari alokatu zioten etxea–, eta zer egin ez zekitela, harekin harremanetan jarri ziren berriro. Taxian etorri ziren Azpeitira, eta haientzako etxe huts bat aurkitu zuen Eizagirrek. Han daude ordutik bidaiariak, berrogeialdian, beste herritar guztiak bezala.

Euskal Herrian gelditu eta alarma egoera igaro arte zain egotea zen brasildarren asmoa, baina "errealistak" izanda, ohartu dira beren herrialdera itzultzea dela aukerarik onena. "Hainbat arrazoirengatik erabaki dugu itzultzea: ez dugu uste egoera datozen 30 egunetan hobetuko denik, euroaren balioa asko igo da, kezkatuta gaude koronabirusak eragin dezakeenagatik...".

Itzultzea erabaki bai, baina itzulerako hegazkin txartela eskuratzea ez zaie nahi bezain erraza egin. Ezin izan dute itzultzeko txartela egunez aldatu, berri bat erosi behar izan dute. Baina, horretarako ere, arazoak izan dituzte. "Ezin genuen Internetez erosi txartela, baina orduan beste pertsona bat iritsi zen gure bizitzetara: Amanda. Madrilen bizi da Amanda, eta aireportura joan eta guretzako txartelak erosi zituen". Poliziaren jarraibideak jarraituz, gaur joango dira Madrilera, eta gauean dute itzulerako hegazkina.

Brasildarrek ezin izan dute Inaziotar Bidea amaitu, eta "triste" azaldu da horregatik Andreola. "Triste gaude koronabirusa munduan eragiten ari den krisiagatik. Gainera, Brasil ere ari da dagoeneko egoera hau sufritzen". Bidaian hainbat oztopo aurkitu duten arren, alde onari begiratzen dio Andreolak. Haren arabera, ez da oso ezaguna Inaziotar Bidea, baina "ez dago azaltzerik zer sentiarazten" duen. Egindako bidaiari izen bat jarri beharko balio, Argiaren Bidea izena jarriko lioke. "Hiru egun nahikoa izan genituen energia eta maitasunaren argia sentitzeko".

Bidaia motza izanagatik, "esperientzia handia" bizi izan dutela dio Andreolak. "Brasilera itzuliko gara, baina laster itzuliko gara Euskal Herrira, Inaziotar Bidea egiteko. Ez ditugu gure ametsak alde batera utziko. Gure helburua Inaziotar Bidea 2021ean egitea da". Laguntza eman dieten pertsona guztiei eskerrak eman dizkiete brasildarrek. "Konturatu gara fedea dutenak direla gehien laguntzen dutenak".