Koronabirusa Azpeitian

Maite Lazkano: "Kasu gehienetan, bezeroei dirua itzultzea lortzen ari gara inolako kosturik gabe"

Uztarria.eus 2020ko mar. 18a, 10:20

Koronabirusak eragindako alarma egoerak hankaz gora jarri du herritarren egunerokoa. Gauza jakin batzuetarako ez bada, ez dago etxetik irteterik, eta are gutxiago bidaian joaterik. Aste Santuko oporraldirako planak eta aurki egitekoak zituzten bidaia guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte denek, eta bidaia agentziei dagokie ezeztatze horietako asko kudeatzea. Maite Lazkanok (Azpeitia, 1972) Azpeitiko Halcon bidaia agentzian lan egiten du eta gainezka dabil egunotan.

Ofizialki alarma egoera izendatu aurretik hasi zineten koronabirusaren ondorioak nabaritzen.

Duela hamar bat egun, neu Kanbodian nintzen bidaiari talde batekin, eta lankideak abisatu zidan bezeroak galdezka hasi zirela. Ez nion aparteko garrantzirik eman, gu oso lasai genbiltzalako han. Joan den asteko astelehenean (martxoaren 9an), bulegora bueltatu nintzenean, berehala hasi zitzaizkigun bezeroak etortzen, batzuk galdezka, eta besteak hartuta zituzten bidaiak bertan behera lagatzera. Asteazkeanean, Trumpek AEBetako ateak itxi zituenean, erabateko kaosa hasi zen, eromena. Orduan erabaki genuen martxorako eta apirilerako lotuta genituen bidaia guztiak bertan behera uztea, eta banan bana, horretan hasi ginen.

Zuek nola ari zarete lanean?

Globalia taldeko parte da Halcon eta gurea Halconen frankizia bat da, beraz, autonomoak gara, eta iraun ahal izateko, gastuak murriztu behar izan ditugu guk ere. Egun hauetan neu bakarrik etortzen naiz bulegora eta hemen ari naiz lanean, ateak itxita. Globaliak salbokonduktu edo baimen berezi bat eman digu horretarako.

Hartuta zituzten eta egingo ez dituzten bidaiengatik aurreratutako dirua berreskuratuko al dute bezeroek?

Une hauetan gure helburu nagusia da gure bezeroak babestea, eta bertan behera utzi behar izan dituzten bidaia horiengatik ahalik eta gasturik txikienak euren gain hartu behar izatea. Txarrena da sektore honetan ez dagoela konpainia guztientzat balio duen protokolorik, alegia, bakoitzak dituela bere arauak. Adibidez, Lufthansa hegazkin konpainiak hegaldiak bertan behera uzteko aukera ematen du inolako gasturik gabe, Air France urtean zehar erabiltzeko bonoak ematen ari da, British Airways eta Iberia ere bai… Guri dagokigu da bakoitzaren arauak zeintzuk diren jakitea eta ezeztatzeak horien arabera kudeatzea, baina ez dizkigute gauzak erraz jartzen.

Zer zailtasun dituzue?

Hotelekin ez daukagu arazorik, haiek, normalean, dirua itzuli egiten dutelako. Baina hegazkin konpainiekin harremanetan jartzea ezinezkoa egiten ari zaigu, komunikazio bide guztiak kolapsatuta daudelako. Korreo elektronikoa, telefonoa eta eskura ditugun bide guztiak erabiltzen ari garen arren, ez dago modurik haiekin harremanetan jartzeko; ez digute ez mezurik eta ez deirik erantzuten. Eta guk ezin badugu konpainiekin harremanetan jarri, ezin diegu bezeroei erantzunik eman. Ziurgabetasun horrek sekulako egonezina sortzen digu, bai guri eta baita gure bezeroei ere.
Dena dela, pixkanaka ari gara zalantzak argitzen frankiziak ditugun lankideok daukagun taldearen bidez-eta.

Egia al da pandemia kasuetan ez daudela behartuta dirua itzultzera?

Berez, munduan ez dago asegururik pandemia egoerek sortutako kalteak bere gain hartzen dituenik, beraz, bidaia bertan behera uzteko arrazoi gisa ezin da argudio hori erabili. Salbuespen  egoeretan ere, hotelek dirua itzultzen dute, baina hegazkin konpainiek ez. Haiek diote euren ardura ez dela eta eskuak garbitzen dituzte, eta ziur nago hegazkin txartelak erosita zituztenetako askok dirua galduko dutela. Ulertezina da, baina halaxe daude gauzak.

Oraingoan babes handiagoa izango dute bidaiak agentzia bidez hartuta zituztenek…

Bai, hori hala da, gure eskura ditugun baliabide guztiekin ari garelako borrokan gure bezeroen interesak defendatzeko.

Orain arte kudeatu ahal izan dituzuen ezeztatzeetan, lortu al duzue bezeroei dirua itzultzea?

Kasu gehienetan bai, bezeroei dirua itzultzea lortzen ari gara inolako kosturik gabe. Dena dela, ezeztapen bakoitzari buruzko informazioa banan bana iristen ari zaigunez, oraindik ezin dugu baieztatu beti hala izango denik. Egia da, ezeztatzeak onartu dizkiguten kasuetan, bezeroei oraindik ezin izan diegula dirua bere horretan itzuli, une hauetan, egoeraren ondorioz, likideziarik ez dugulako. Baina gure bezeroei esan nahi diegu pazientzia izateko eta lasai egoteko, euren dirua salbu dagoelako eta guztia berreskuratuko dutelako. Zentzu horretan, nabarmendu beharra daukat bezeroen jarrera, denak oso ulerkor agertu direlako.

Behin alarma egoera gaindituta, uste duzu jendeari kosta egingo zaiola berriz bidaiatzen hastea?

Baietz uste dut, batez ere egoera honek eragin duen psikosiagatik. Beldur hori ez da egun betetik bestera desagertuko. Dena dela, kontua orokorra da, sektore guztiek jasango dituzte ondorioak, eta denon artean emango diogu buelta eta aurrera aterako gara.