Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian oraingoz ez dute baieztatu koronabirus kasurik

Uztarria.eus 2020ko mar. 17a, 16:26

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Azpeitiko Udalari jakinarazi dio gaur-gaurkoz herrian ez dela baieztatutako koronabirus kasurik. Halere, "orain arte bezala", arduraz jokatzeko eskatu du erakundeak. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzotik Euskal Herrian ez da inor hil koronabirusagatik. Dena den, kutsatutakoen kopuruak gora egin du; Gipuzkoan atzo baino kasu bat gehiago atzeman dute.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, gaur-gaurkoz Azpeitian baieztatutako koronabirus kasurik ez dagoela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Udalak azaldu duenez, baina, horrek ez du esan nahi herria arriskutik kanpo dagoenik, eta horregatik, "orain arte bezala", herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die erakundeak.

Administrazioak ere eguneratu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak: atzotik hiru lurralde horietan ez da inor hil COVID-19 gaitzagatik. Dena den, kutsatutakoen kopuruak gora egin du beste behin. Araban 474 lagun daude koronabirusak jota –atzo baino 30 lagun gehiago–, Bizkaian 201 –atzo baino zazpi gehiago– eta Gipuzkoan 90 –atzo baino bat gehiago–. Nafarroan, berriz, 355 dira kutsatutakoak, atzo baino 81 lagun gehiago.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 362 daude koronabirusaren proban positibo eman eta ospitaleratuta. Euskal Herrian, guztira, 38 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.