Koronabirusa Azpeitian

Lourdes Segurola: "Badakigu kontu honek luze joko duela, eta neurri zorrotzak hartu ditugu egoitzan"

Uztarria.eus 2020ko mar. 19a, 10:05
Lourdes Segurola, San Martin egoitzako langilea.

Azpeitiko San Martin zaharren egoitzako langilea da Lourdes Segurola (Azpeitia, 1970). Koronabirusak eraginda neurri zorrotzak hartu dituzte adinekoen osasuna bermatzeko, eta egoiliarrak momentuz "lasai" daudela azaldu du azpeitiarrak. ELA sindikatuko kidea ere bada Segurola, eta erresidentzien greba zergatik atzeratu duten azaldu du.

COVID-19 gaitza dela eta, zahar etxeetako egoiliarrek ez dute bisitarik jasoko denboraldi batez. Nola hartu dute albistea?

Badirudi egoiliarrek ulertzen dutela zer ari den gertatzen. Langileok saiatzen gara behin eta berriz azaltzen koronabirusa dela-eta zer ari den gertatzen munduan, bisitatzera inor ez zaiela joaten ikusten baitute; izan ere, hainbat aitona-amonek egunero jaso ohi dituzte senideen bisitak. Egoiliar batzuk dagoeneko hasi dira seme-alabei eta bilobei argazkiak bidaltzen, eta batzuek bideo-deiak ere egin dituzte. Inoiz bizi ez duten egoera bizitzen ari dira egoiliarrak.

Kolektiborik zaurgarrienetakoa da zaharrena. Kezkatuta al zaudete horregatik?

Gu kontzientziatuta gaude, badakigu kontu honek luze joko duela, eta neurri zorrotzak hartu ditugu egoitzan. Baina ez dakit egoiliarrak konturatzen diren egoeraz. Iruditzen zait denbora pasatzen doan heinean joango direla konturatzen egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den.

Familiak kezkatuta al daude?

Esango nuke familia gehienek ikusten dutela beren egoiliarrak babestuta daudela. Egia da, ordea, norbaitek COVID-19 gaixotasuna izan arte ez garela egoeraren larritasunaz jabetuko. San Martinen ez dago koronabirus kasurik, eta familiak lasaiago daude.

Zein neurri hartu dituzue San Martin egoitzan COVID-19 gaitza saihesteko?

Langileok lanera sartu aurretik eskuak ondo garbitzen ditugu, eta gorputzeko tenperatura hartzen dugu. Ondoren, egoiliar bakoitza artatzeko eskularru desberdinak erabili behar izaten ditugu. Maskararik-eta momentuz ez dugu erabiltzen, ez baitugu horrelakorik. Egoiliarren arteko distantziak mantentzen ere saiatzen gara, baina bazkaltzeko garaian ez da erraza izaten, jantokiak ez daudelako horretarako prestatuta.

Zein da une honetan egoitzako langileon egoera?

Guk lehen bezala segitzen dugu lanean. Oso azkar egiten dugu lan beti, eta orain ere halaxe jarraitzen dugu. Dena den, egia da orain ardura gehiago dugula; lehen, adibidez, egoiliar bati aulki batetik bestera joaten lagundu behar banion, eskularru berberak erabiltzen nituen, baina orain aldatu egiten ditut. Garbitzaileek, berriz, denbora gehiago pasatzen dute aulkiak eta ateetako maratilak garbitzen.

Adinekoen egoitzetako greba bertan behera uztea erabaki duzue koronabirusak eragindako arazoak konpondu bitartean. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Egoiliarrek kalitate hobeko zaintza izan dezaten nahi dugulako egin dugu. Lanean jende gutxi gaudela iruditzen zaigu, eta egoiliar bakoitzari ez diogula behar duen denbora eskaintzen. Adineko bati behar baino hamabost minutu gehiago eskaintzen badizkiogu, azken egoiliarrarengana iristerako uneoro erlojuari begira egon behar izaten dugu, eta denbora gutxiago eskaintzen diegu horiei. Beraz, zaintza lanak hobeto egiteko jende gehiago eskatzen ari bagara, ez da oso logikoa koronabirusaren krisia dela-eta greban jarraitzea.

Aurrerago grebarekin jarraitzeko asmoa iragarri duzue.

Bai. Joan zen ostiralean egin genuen bileran hainbat langile ez zegoen ados greba atzeratzearekin. Egunetik egunera koronabirusaren inguruko informazioa aldatzen doa, ordea, eta erabaki bat hartu beharra genuen. Denak ados egon ez arren, bozketan greba atzeratzearen aldeko botoak nagusitu ziren. San Martin egoitzan jendea kexatzen dela ikusten dut, baina gero egoera aldatzeko ez da ezer ere egiten. COVID-19 gaitzaren krisia pasatu ostean grebarekin aurrera jarraitu behar dugu, eskatzen duguna lortu arte.