Alex Txikon: "Bolada batean alde batera utzi nahi ditut neguko espedizioak"

Berria 2020ko mar. 17a, 14:00
(Argazkia: Alex Txikon)

Azpeitian bizi dela jakinarazi du Alex Txikonek Berria egunkarian egin dioten elkarrizketan. Azken urteetan bezala, neguaren zatirik handiena Himalaian pasatu du mendizaleak. Everesteko gailurrera iristeko hirugarren saiakera ere ez da berak nahi bezala atera. Nahigabetuta itzuli da etxera. Oraingoz, ez da berriz saiatuko.

Katmandutik iritsi berri da Alex Txikon alpinista (Lemoa, Bizkaia, 1981). Azken espedizioetan ez bezala, bizarra moztu gabe itzuli da Euskal Herrira. Azpeitian bizi da azkenaldian, eta irrati saio batetik atera berri da. Gustura itzuli da etxera. Udan aita izango da lehenbizikoz.

Nola itzuli zara Everestetik (Himalaia, 8.848 metro)?

Aurten, saiatzeko batere aukerarik ez digu eman Everestek. Baina fisikoki inoiz ez bezala sentitu naiz, eta psikologikoki ere indartsu itzuli naiz. Oso gogorra izan da, gehienbat hirugarren kanpalekura iristea ere ezinezkoa egin zaigulako. Horrek ez du esan nahi onenean egon ez garenik, baizik eta eguraldiak ez digula aukerarik eman. Askotan, irudipena dut denbora galdu dudala. Baina balorazio orokorra oso positiboa izan da, une oso politekin, eta ez oso politekin.

Zuen azken mezuek izua sortu zuten.

Gailurrera igotzeko azken saiakeran, bost meteorologoren eguraldi iragarpenak genituen. Denek eguraldi nahiko ona iragartzen zuten, baina, azkenean, metro bateko elurra bota zuen. 30 orduz elurra egin zuen. Metro batera ez genuen ezer ikusten, eta ibilbidearen zatirik gehiena tapatuta gelditu zen. Kontu handiz ibili behar genuen ematen genuen pauso bakoitzeko, eta egoera horretan ibiltzeak arriskua asko areagotzen du. Beldur handia pasatu genuen, baina badakigu neguan zer dagoen Everesten.

Helburu nagusia Everest izan arren, lehenik Antartikara joan zineten, eta gero Ama Dablamera (Nepal, Himalaia, 6.812 metro). Zergatik?

Antartikara joan nahian urteak neramatzan. Etxe inguruan alde batetik bestera ibili beharrean, hara joateko hautua egin nuen. Hala ere, itsasontziak nekea sortzen du, hura ere oso gogorra izan zen. Une oro presiopean, eta itsaso txarra ere izan genuen. Han zailtasun pixka bat zuten gauzak egin genituen. Ondoren, Ama Dablamera joan ginen, orain bi urte Pumorira [Nepal, 7.161 metro] joan ginen bezala. Girora moldatzeko aukera ezin hobea zela iruditu zitzaigun.

Ama Dablam igo ondoren, dena espero bezala zihoan, ezta?

Oso gustura ibili ginen. Baziren sei edo zazpi urte neguan inork igotzen ez zuela, eta, alpinismoaren ikuspegitik beste munduko ezer ez den arren, guretzat oso igoera ona izan zen. Oso oroitzapen ona dut. Asko gozatu genuen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berriaren webgunean