Amaia Aranaga: "Ezin dugu normaltasunez lan egin, baina berdin ordaindu behar ditugu gastuak"

Uztarria.eus | Ekonomia
2020ko mar. 17a, 14:42

Amaia Aranagak (Urrestilla, 1981) podologia eta posturologia zentro bat dauka. Osasun arloko lana egiten duenez, alerta egoeragatik ez dauka zentroa erabat itxi beharrik, baina larrialdiko kasuak bakarrik artatzeko eskatu diote podologoen elkargotik eta horretan ari da. Beraz, lana erabat murriztuko zaio. Langile autonomoa izanda, ordea, berdin ordaindu beharko ditu kuotak eta gainontzeko gastuak.

Amaia Aranaga.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Podologia eta posturologia zentro bat daukazu Azpeitian. Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurri hauek nola hartu dituzu?

Osasun arloa da nirea, eta kolegiatuta nago. Beraz, podologoen elkargoetatik ari gara informazioa jasotzen; bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoako podologoen elkargotik, baita Espainia osokoa den elkargotik ere. Guri esan digutena da zentroa edo klinika ixtera ez gaudela derrigortuta, baina, batik bat, gomendatu digute erabat ez ixteko. Horren arrazoia da, gugana etorriko ez diren larrialdi horiek anbulatorioetako larrialdietara joko dutela, eta horrek larrieldiek gainezka egitea eragin dezake. Beraz, kasu larriak dituzten gaixoak artatzeko esan digute, baina, beti ere, horretarako neurri batzuk hartuta: distantzia zainduta, eskuak behin eta berriro garbituta, paziente baten eta bestearen arteko hitzorduetan tarteak jarrita, bezeroek ahal badute bakarrik etorrita hitzordura edota pertsona bakar batek lagunduta, haurrak ez daitezela etorri… Horrez guztiaz gainera, larriak ez diren gainontzeko kontsulta guztiak bertan behera uzteko esan digute.

Hitzorduak bertan behera uzteko zure bezeroekin nola jarri zara harremanetan?

Batzuk minez daudela-eta deitu egin didate, eta hitzordua jarri diet haiei. Gainontzean, hala nahi izan dutenekin telefonoz edota mezu bidez komunikatu naiz, eta galdera batzuk eginda baloratu dut bakoitzaren premia.

Horrez gain, podologo batzuek egoitzetan-eta ere lan egin ohi duzue, eta horiek itxi egin dituzte. Hori da zure kasua, ezta?

Hala da, hainbat podologok jubilatuen elkarteetan eta egoitzetan ere ematen dugu zerbitzua. Jubilatuen elkarteak itxi egin dituzte, eta egoitzetan sarrera mugatuta dago. Ondorioz, gure agenda gutxienekoetan gelditu da; beraz, esan dezakegu pazienteen %5a bakarrik artatuko dugula; diabetikoak, infekzio kasuak…

Langile autonomoak izanda, horrek eragingo dizue, ezta?

Gure kasuan ia ez dugu lanik izango, baina langile autonomoak garenez, berdin-berdin ordaindu beharko ditugu gastuak, kuotak, hipotekak… Lanera ezin dugu joan edota ezin dugu normaltasunez lana egin. Gainera, nola zentroa ixtera ez gaituzten derrigortu, gero laguntzak eskatzeko baldintzatuta egongo gara. Zentzu horretan, hala nolako egoera batean gelditzen gara. Langabeziarik kobratzerik ez daukagu eta gaixotasun baja hartzerik ere ez daukagu, ez gaudelako gaixo. Denetariko kasuak egongo dira autonomoen artean ere, batzuk hobeto egongo dira egoera honi aurre egiteko eta beste batzuk okerrago. Hor hamaika kasu egongo dira eta denak desberdinak. Nire kasuan, onartu beharra izan dut hilabete honetan horrela izan beharko duela, sakrifikatu egin beharko dudala. Honi aurre egitea denon lana da, baina denok egin behar dugula iruditzen zait. Honelako kasu baten aurrean ezin da berekoia izan eta zeure buruan bakarrik pentsatu, denok orokorrean egin beharreko gauza bat bezala hartu behar da. Ni bezala beste asko egongo dira, eta aurrera.

Zer eskatuko zenieke erakunde publikoei egoera honen aurrean?

Ulertzen dut denok egin beharreko sakrifizio bat dela, baina akordatzeko autonomook bizi dugun egoerarekin ere. Autonomoen hil honetako kuota ordaintzea ezin bada barkatu, zatika ordaintzeko aukera jartzea eskatuko nieke, edota bankuei hipotekak ordaintzeko garaian erraztasunak ematea. Eskatuko nieke ahal duten heinean gure egoera errazteko neurriak hartzeko, gero aurrera egin ahal izan dezagun. Eta nire kasuan, ez daukat soldatapeko langilerik, baina askok badituzte, eta horiek igoal-igoal ordaindu beharko diete soldata. Beraz, ni baino egoera zailagoan daudenak ere egongo dira.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Juanlu | 2020-03-17 : 20:44

Animo!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu