Koronabirusa Azpeitian

Astearteetako ohiko azokaren ordez, baserritarren postuak soilik izango dira bihar

Uztarria.eus 2020ko mar. 16a, 19:16

Koronabirusaren pandemiak eraginda, ez da astearteetako ohiko azokarik izango bihar; baserritarrek soilik jarriko dituzte postuak, Azoka Plazan, 08:30etik 12:30era. Herritarrek nahiz ekoizleek prebentzio neurriak bete beharko dituzte.

Biharko asteartetako azokan aldaketak izango dira, koronabirusaren pandemiak eta ezarritako alarma egoerak eraginda. Herritarrek jakiak erostea beharrezkoa dutela jakinik, baserritarren azoka egitea erabaki du Azpeitiko Udalak. Modu horretan, bertako baserritarrek postuak jarriko dituzte Azoka Plazan, 08:30etik 12:30era bitartean.

Hori bai, baserritarrek zein ekoizleek prebentzio neurriak bete beharko dituzte. Honako hauek dira hartu beharreko neurriak: baserritarren artean nahiz bezeroen eta baserritarren artean metro bateko tartea utzi beharko da; eskularruak erabiliko dituzte baserritarrek, eta erosketa batetik bestera eskuak garbituko dituzte; eta produktuak baserritarrek bakarrik ukituko dituzte.

Azoka Plazara erosketak egitera doazenek bakarka joan beharko dute, eta familia bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da. Adinekoei ez joateko gomendioa egin die udalak; erosketak egiteko laguntza behar dutenek 943-54 79 83 eta 943-15 71 92 telefonoetara dei dezakete. Horrez gain, haurrekin ez joatea gomendatzen du udalak.

Arduraz jokatzeko deia

Biharko azoka ez da beste astearteetakoa bezalakoa izango, Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak azaldu duenez. "Oinarrizko beharrei erantzuteko ezinbestekoa da elikagaiak erostea. Ez du logikarik supermerkatu handiak irekita egoteak eta baserritarren azoka ez egiteak. Ez da asteartetako azoka osoa izango, baserritarren azoka izango da". Herritarrei "zentzuz eta arduraz jokatzeko" eskatu die Labakak, bai azokara joaterakoan, baita erosketak egiterakoan ere.