Koronabirusa Azpeitian

Ana Aizpuru: "Badut beste kasu batzuetan etxean egon beharra izan dudanean sentitu ez dudan barne ardura bat"

Uztarria.eus 2020ko mar. 16a, 17:40
Ana Aizpuru.

Duela zazpi urtetik Italian bizi da Ana Aizpuru (Azpeitia, 1971) arkitektua. Milandik 50 kilometrora bizi da, Domodossolan (Verbano-Cusio-Ossola), koronabirusaren fokutik gertu. Astebete inguru darama azpeitiarrak konfinatuta, eta bere bizipenak azaldu dizkio Uztarria.eus-i.

Nola bizi izan duzue Italian koronabirusarekin gertatzen ari dena?

Hasieran, harridura pixkat bat bagenuen, eta ezjakintasuna ere bai; izan ere, aurrera begira jarrita, ez genekien nolakoa izango zen gure egunerokoa. Ez genekien lanarekin zer gertatu zen, eta ez genekin gaixotasunaren zabalkudea nola geldi genezakeen.

Noiz hasi zineten koronabirusaren aurkako neurriak hartzen?

Otsailaren 29an, igandez, entzuten hasi ginen albisteak ez ziren batere lasaigarriak, eta orduan hasi ginen eskuak sarritan garbitzen eta egunero tenperatura hartzen. Gainera, familietan genituen adineko pertsonei ahal zutela etxetik kanpora ez irteteko esateari ere orduan ekin genion.

Ordutik, nolakoa izan da prozesua?

Neurriak gogortzen hasi ziren egun batetik bestera; denbora oso gutxian aldaketa handiak etorri ziren. Hartu zituzten lehen neurriak honako hauek izan ziren: agurra eskuarekin ez egitea, eskuak asko garbitu eta sukarra izanez gero etxean gelditu. Gero, ekitaldiak bertan behera uzten hasi ziren. Dena den, erabaki horiek hartzea kostatu egin zitzaien: Juventusek eta Milanek martxoaren 5ean jokatu behar zuten Kopako futbol partidarako sarrerak erosita genituen, eta bezperan ez zegoen argi ohiko moduan jokatuko zuten, ateak itxita izango zen edo ez zuten jokatuko. Dena den, guk erabakita genuen ez joatea; izan ere, sumatzen genuen ez zela egokia halako jende pila elkartuko zen toki batera joatea. Azkenean, bertan behera utzi zuten norgehiagoka.

Eta gero konfinamendua ezarri zuen gobernuak.

Bai, martxoaren 8an, Milan ingurua eta beste hamalau lurralde eremu arrosa bezala izendatu zituzten, gu bizi garen eskualdea barne. Hori dela eta, kalera beharrezko gauzetarako soilik ateratzeko neurria hartu zuten. Orduan ulertu genuen benetan zer ari zen gertatzen, ordura arte itxaropen pixka bat bagenuen eta. Orduan jabetu ginen maiatzean Euskal Herrira egitekoak ginen bidaia bertan behera utzi beharko genuela tamalez. Hurrengo gauean, martxoaren 9koan, Italia osoa izendatu zuten eremu arrosa.

Astebete daramazue etxean. Nola daramazu?

Etxetik lan egiteko moduan antolatu naiz. Alde horretatik, ahalik eta okupatuen egoten saiatzen naiz. Bestetik, telekomunikazioekin kontaktua inoiz ez bezalakoa da. Lo ondo egiten ari gara, kozinatzen ere aritzen naiz, eta lasai egoten saiatzen ere bai, baina, hala eta guztiz, badut beste kasu batzuetan etxean egon beharra izan dudanean sentitu ez dudan barne ardura bat. Urduritasun berezi bat sentitzen dut.

Jendea ari al da konfinamendu agindua betetzen?

Beti bezala, denetarik dago, baina gehienak orain neurria betetzen ari direla uste dut; isunak ere jarri dituzte. Kostatu egiten da agindutakoak betetzeak zer garrantzia duen ulertzea. Gaixotasuna zabaltzen hasi zen garaian, oraindik urrun samar ikusten zen arazoa hemen, baina orain ez dago besterik. Eta ideia horrekin denok egiten dugu bat.

Zer gomendio emango zenioke bi egun etxean daramatzan euskal herritar bati?

Ohiko bizimodua gelditzeak berarekin dakar katarsi moduk zerbait, gure etorkizun guztia zalantzan jartzen delako. Hau da, ezin dugu ezer antolatu, ez dakigulako ez orain eta ez gero zer izango den. Une hauetan gehiegi ez pentsatzea hobe dela uste dut, eta egoera umore pixka batekin hartzea gomendatuko nuke. Etxeko jokoekin edo jolasekin jostatzea eta fisikoki ondo egoteko aholkuak –pila bat daude– jarraitzea garrantzitsua iruditzen zait. Elkarrekin egoteko denbora oparitu digu birusak, eta hori positibotzat hartu beharko dugu, behintzat. Bakarrik daudenei eta behar dutenei laguntza eskaintzea ere ezinbestekoa da.

Zertan asmatu zen Italian koronabirusaren mehatxuaren aurrean? Eta zertan huts egin?

Italian osasun neurriak ekonomikoen aurretik jartzen asmatu zutela esango nuke, eta horrek babes sentimendua sortzen du. Aldiz, nurriak betearazterakoan guztiz zorrotzak ez izatearekin egin dute huts. Ardurak hartzeak histeria sortzen du, eta... Gutxi batzuk nahikoa dira prestatutako guztia izorratzeko, eta horrek egoera tamalgarrietara eraman gaitzake. Hain zuzen ere, horixe da sahiestu behar duguna eta duzuena.