Koronabirusa Azpeitian

Kezkak eta zalantzak

Uztarria.eus 2020ko mar. 16a, 16:44
Itxura hau zuen Erdikaleak gaur goizean.

Koronabirusak eragindako krisiak hankaz gora jarri du herritarren egunerokoa, eta hainbat zalantza eta galdera sortu du gizartean. Hona hemen argibide batzuk.

COVID-19 gaixotasunaren hedapena tarteko, etxean konfinatzeko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Inork ez du sekula halako egoerarik bizi izan, eta horrek hainbat zalantza sortu du herritarren artean. Hona hemen galdera-erantzun sorta bat, zer egin daitekeen eta zer ez argitzeko.

Etxetik atera naiteke?

Etxetik irten ahalko da, soilik, elikagaiak eta botikak erosteko, osasun zentroetara joateko, lantokira joan-etorria egiteko, zaintza lanetarako, banketxeetara joateko edota ezinbesteko joan-etorriren bat egiteko.

Paseatzera, mendira edo bizikletan buelta bat egitera joan naiteke?

Ez, aisiari lotutako ekintza guztiak debekatuta daude.

Eta zer gertatuko da joaten banaiz?

Udaltzaingoa nahiz Ertzaintza kaleetan barrena dabiltza, herritarrei beren etxeetatik ez ateratzeko esanez. Gainera, agindutako neurriak betetzen ez dituenak zigorrak jaso ditzake: desobedientzia delitu batengatik, ehun euroko isun batetik hiru urteko espetxe zigorrera arteko zigorrak jaso ditzakete herritarrek; eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik, lau urteko kartzelaldia ezar dezake justiziak.

Atera naiteke etxeko animalia paseatzera?

Bai. Baina ezin da aitzakia izan paseatzeko edo kalean jendearekin elkartzeko.

Lagunekin kalean geldi naiteke?

Ez, ezta lagun baten etxera joan ere. Mendekotasunen bat duen edo laguntza behar duen pertsona bati laguntzeko joan zaitezke bere etxera, baina aisialdirako ez.

Asteburu osoa etxean pasatu dut, eta astegunak iristean lanera joan behar dut?

Momentuz, bai. Espainiako Gobernuak indarrean jarritako neurrietako baten arabera, herritarrak atera daitezke etxetik lanera joateko.

Baina lanean, jende ugarirekin topo egingo dut, eta kutsatzeko arrisku handiagoa izango dut.

Izan daiteke. Horri aurre egiteko, neurriak hartzen ari dira enpresak. Batzuek ixteko erabakia ere hartu dute.

Dena itxita egongo da?

Ez. Oinarrizko zerbitzuak asetzeko guneak ez dituzte itxiko; besteak beste, janari dendak, botikak, osasun zentroak eta gasolindegiak. Dena den, gune horietan ere neurri bereziak hartzen ari dira, eta errespetatu egin behar dira.

Janaririk gabe geldituko al dira herriko saltokiak eta supermerkatuak?

Ez. Herritar guztientzako elikagai hornidura eta hornikuntza bermatzeko, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak elikadura kate egituratu eta orekatu bat dute. Hori bai, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Elikaduraren Klusterrak, Carrefourrek, Eroskik, Mercadonak eta Uvescok dei egin diete euskal herritarrei arduraz kontsumi dezaten. Unean-uneko benetako beharraren proportzioan erosi behar dira elikagaiak, erakunde horien arabera. Horrez gain, Azpeitiko Azoka Plazan biltzen diren baserritarren azokak ere martxan jarraituko du, baita herriko hainbat saltoki txikik ere.

Zergatik jaso ditut apalak hutsik ageri diren argazkiak eta bideoak?

Egunotako salbuespen egoerak eragindako kontsumoa "neurrigabea" izaten ari delako, eta hori da, hain justu, ez egiteko eskatzen ari direna. Era berean, elikadura kateko profesionalak errespetatzeko eta haiei laguntzeko eskatu dute, alarma egoera horretan beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten.

Komuneko paperik gabe geldituko naiz?

Denentzako komuneko papera dago, kontua da jendea behar baino gehiago erosten ari dela. Horixe da, hain justu, egin behar ez dena.

Garraio publikoa martxan dago?

Bai. Baina %40 eta %60 artean murriztu dituzte zerbitzuak. Gainera, neurri bereziak bete behar dira: ezin da esku diruarekin ordaindu garraio publikoa. Autobusen kasuan, ezingo dira lehen ilaretako eserlekuak erabili, eta sarrera-irteerak erdiko edo atzeko ateetatik egingo dira, ez aurreko atetik.

Zer egin dezaket koronabirusa hedatzea saihesteko?

Ahal den neurrian, etxean egon, eta norbera babesteko neurriak hartu; norbera babestuz, gainontzekoak ere babesten direlako. Honako hauek dira gomendioak:
1. Eskuak maiz garbitu alkoholdun desinfektatzaile batekin edo urarekin eta xaboiarekin.
2. Ez ukitu ahoa, sudurra eta begiak.
3. Arnas higieneko neurriak: eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoarekin estali, edo erabili eta botatzeko zapi batekin.
4. Gutxienez metro bateko tartea izan gainerako pertsonekin.
5. Sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasuna izanez gero, eskatu arreta medikoa. Sintomak izanez gero, osasun zentroetara ez joatea gomendatzen dute EAEko osasun agintariek; etxean geratu (betiere egoera klinikoak horretarako aukera ematen badu) eta 900-20 30 50 telefono zenbakira deitu, paziente bakoitzari dagozkion argibideak emateko.

Gaizki sentitzen banaiz, ez dut 112ra deituko?

Ez. Koronabirusen sintomak dituztenek ez dute 112 telefonora deitu behar, telefono hori beste larrialdi batzuetarako prestatuta baitago.

Noiz arte iraungo du egoera honek?

Martxoaren 15ean sartu zen indarrean Espainiako Gobernuaren konfinamendua, eta, oraingoz, bi aste iraungo duela esan dute; martxoaren 29ra arte. Baina luzatuko dela espero behar da: gutxienez bi aste beharko baitira jakiteko konfinamenduak emaitzarik duen edo ez. Espainiako Gobernuak luzatzeko aukera izango du.