Koronabirusa Azpeitian

Herritarrei arduraz kontsumitzeko eskatu diete Jaurlaritzak, Elikagaien Klusterrak eta hainbat supermerkatuk

Uztarria.eus 2020ko mar. 15a, 17:36

Erosketak logika erabilita egiteko eskatu dute. Elikadura kateko profesionalak errespetatzeko eta haiei laguntzeko mezua ere zabaldu dute. 

COVID-19k eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera indarrean dela eta aurreko egunetan bezeroen kontsumo fenomenoa ikusita, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Elikaduraren Klusterrak, Carrefourrek, Eroskik, Mercadonak eta Uvescok dei egin diete euskal herritarrei arduraz kontsumi dezaten eta unean-uneko benetako beharraren proportzioan erostera joan daitezen saltokietara.

Herritar guztientzako elikagai hornidura eta hornikuntza bermatzeko, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak elikadura kate egituratu eta orekatu bat dutela adierazi dute. Ezohiko egoeraren aurrean, elikadura kateko katebegiak osatzen dituzten agenteek osasun agintariek eskatutako prebentzio neurriak ezarri dituzte, eta kate osoaren gaitasunak handitu dira. Ondorioz, "beren jarduera berme osoz garatzeko eta elikadura-produktuen ekoizpenaren, eraldaketaren, banaketaren eta salmentaren funtzionamendu egokia eskaintzeko prest daude".

"Kontsumo neurrigabea"

Egunotako salbuespen egoerak eragindako kontsumoa "neurrigabea" izaten ari dela nabarmendu dute. Horrek salmentak asko igo ditu une batzuetan. Horren aurrean, elikadura kateko profesionalak errespetatzeko eta haiei laguntzeko eskatu dute, alarma egoera horretan beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten. "Gure ustez, zentzuzko kontsumo praktika izango da aliaturik onena".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elikadura kateak "bere gain" hartu du zerbitzu publikoaren funtzioa, berriki hartutako konpromisoa gogorarazteko eta elikagaien xahutzea gutxitzeko. "Frogatuta dago elikagaien gehiegizko kontsumo batek xahutze hori handituko duela".

Era berean, Osasun Sailak zehaztu dituen babeserako neurriak gogorarazi dituzte: beste pertsona batzuekiko segurtasun tartea beti mantentzea gomendatu dute, erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea, eta ahal den guztietan txartelarekin ordaintzea.