Koronabirusa Azpeitian

832 koronabirus kasu daude Euskal Herrian, eta 23 dira hildakoak

Uztarria.eus 2020ko mar. 15a, 16:05

Araban 409 pertsona daude kutsatuta gaur-gaurkoz, Bizkaian 158 eta Gipuzkoan 63. Nafarroan 196 lagun daude gaixorik, eta Lapurdin sei. Eusko Jaurlaritzaren arabera, bederatzi sendatu dira. 

832 lagunek eman dute positibo koronabirusagatik Euskal Herrian. Osakidetzak eguneratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen kopurua. Datuen arabera, lurralde guztietan handitu da gaixo kopurua. Araban 409 pertsona daude kutsatuta gaur-gaurkoz, Bizkaian 158 eta Gipuzkoan 63. Nafarroan 196 lagun daude gaixorik, eta Lapurdin sei.

Atzotik, 109 kasu gehiago atzeman dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 49 kasu Araban, 43 Bizkaian eta hamazazpi Gipuzkoan. Hildakoak, berriz, atzo baino lau gehiago dira: Gipuzkoan eta Bizkaian hiruna lagun hil dira, eta hamasei Araban –atzo baino hiru gehiago–. Nafarroan beste pertsona bat hil da. Guztira, 23 pertsona hil dira koronabirusaren eraginez Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzaren arabera, bederatzi dira sendatzea lortu dutenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.