Koronabirusa Azpeitian

Herriko gasolindegiek koronabirusaren aurkako protokoloa jarri dute martxan

Uztarria.eus 2020ko mar. 15a, 13:40
Lasaoko gasolindegia.

Eskuztako Avia gasolindegian, herritarrak ez dira aterako autotik, eta langileak eskainiko du zerbitzu osoa. Lasaoko gasolindegian, alderantziz: herritarrek bota beharko dute gasolina. 

Herriko gasolindegietan neurri bereziak hartzen ari dira koronabirusaren hedapena saihesteko. Zabalik eta herritarren zerbitzura daude gasolindegiak, baina zenbait gauza kontuan izan behar dituzte herritarrek. 

Eskuztako Avia gasolindegian, gasolina botatzera doan pertsona kotxe barruan geratu behar da. Gasolindegiko langilea gerturatuko da haren autora; zer produktu behar duen galdetu eta gasolina botako dio autoari. Autoan bertan egingo dio kobraketa langileak bezeroari; modu horretan, herritarrak ez dira aterako autotik. Gainera, ahal den neurrian, txartel bidez egingo dituzte kobraketak. 

Bestalde, Lasaoko gasolindegian ere ari dira neurriak hartzen. Eskularruak jantzita ari dira lanean beharginak, eta garbiketarako neurri bereziak ari dira hartzen. Gasolindegi horretan, herritarrak berak botako dio gasolina autoari, eskularruak jantzita. Ordainketak egiteko, dendara sartu beharko dute herritarrek, eta metro bateko tartea errespetatu ilaran. Gainera, ezingo dute hiru pertsonak baino gehiagok gasolindegian egon aldi berean.