Koronabirusa Azpeitian

Udalak boluntarioak eskatu ditu adinekoen laguntza beharrei erantzun ahal izateko

Uztarria.eus 2020ko mar. 13a, 16:35

Koronabirusak ezohiko egoera sortu du herrian, eta horrek, ezohiko neurriak hartzera bultzatu du Azpeitiko Udala ere, herritarren osasuna babesteko helburuarekin. Birus horren aurrean adinekoena da kolektiborik zaurgarriena, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak helarazitako gomendioak eta ezarritako protokoloak aurrera eramateaz gain, udalak aparteko neurri batzuk hartzea erabaki du.

Hala, 65 urtetik gora dituzten herritar guztiei gutun bana igorriko die udalak, etxetik ez daitezela irten eskatzeko. "Badakigu horrek behar batzuk sortuko dituela; esaterako, erosketak edo beste hainbat gauza egiteko laguntza beharko dutela", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Udalak hainbat langile bideratuko ditu behar horiei erantzutera, baina egoerak udalaren gaitasunak gaindituko dituela ziurtzat jotzen dutenez, herritarrei laguntza eskatu die erakundeak. Hain zuzen ere, adinekoek izan ditzaketen laguntza behar horiei erantzuteko prest dauden boluntarioak eskatu ditu. Laguntza behar dutenen eta laguntzeko prest daudenen zerrenda osatzeko bi telefono zenbaki (943-54 79 83 eta 943-15 71 92) eta helbide elektroniko bat (gizarte@azpeitia.eus) jarri ditu udalak herritarren zerbitzura.

Eskolak itxi izanak kontziliaziorako arazoak sortuko dituela ere badakite udal ordezkariek, eta horri nola erantzun aztertzen ari direla adierazi du Alkortak. "Enpresei eskatu nahi diegu malgutasunez jokatzeko eta langileei behar dituzten baimenak hartzeko erraztasunak emateko, guk udal langileei eman dizkiegun modu berean".

Momentuz herrian kutsatutako inor ez dagoela ziurtatu du Alkortak, eta herritarren jarrera eskertu du, "arduraz" jokatzen ari direlako.