Ekoizpena gora, ikusleak behera

Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 13a, 12:30
Azpeitiko Soreasu eraikinean duten mobiola. (Kulturaz)

Gero eta jende gutxiago joaten da zinemara; hala diote datuek. Leku guztietan antzeman dute jaitsiera, baita eskualdean ere. 50 urtetik gorakoak dira ikusle gehienak. Ezbairik gabe, eragina izan dute plataforma digitalek.

Gero eta zinema gehiago ekoizten da Euskal Herrian, euskarazko gero eta film gehiago dago, eta kalitatea ere goraka doala diote adituek. Badirudi loraldi horrek berarekin ekarri behar dituela ikusleak, baina hori ez da horrela. Zinema aretoetan gero eta jende gutxiago elkartzen da. Are gehiago: zenbait herritan zinema kudeatzeaz arduratzen diren erakundeak galera nabaritzen ari dira. Beraz, argi dago: zerbait gertatzen ari da.

Azpeitian duela bi urte antzeman zuten etena; 2018ko abenduan. Kulturaz kooperatiba arduratzen da Azpeitiko Soreasu antzokiaren kudeaketaz, eta han ematen dituzte filmak; kooperatiba horretako gerente Xabier Aranbarrik azaldu duenez, "nabarmen" jaitsi da azkenaldian zinemara joaten den ikusle kopurua. "2018aren amaieran eta 2019aren hasieran nabaritu genuen jaitsiera, eta pentsatzen genuen eguraldi ona egiten ari zelako izango zela. Buelta etorriko zela uste genuen, baina oraindik ez da etorri, eta ez dut uste etorriko denik".

Aranbarri ez da ausartzen beherakada hori eragin duen arrazoi bat ematera: "2018an Netflixek izen pixka bat hartu zuen, baina ez dakit hori ote den arrazoia. Izan ere, ez dauka zerikusirik film bat etxean edo zineman ikusteak. Etxean, zapping egiten hasten zara, ez zara adi egoten... Zineman, berriz, film horretan zentratzen zara, eta beste dena ahazten duzu. Baina bizi garen abiaduran ez diogu horri garrantzirik ematen. Bizpahiru gauza aldi berean ikustea gustatzen zaigu, baina zer gertatzen da? Askotan ez dugula bat bera ere ganoraz ikusten. Presazko dinamika batean bizi gara".

Kopuruak esku artean ditu Aranbarrik. 2017tik 2018ra %6 igo zen ikusle kopurua Soreasu zinema aretoan. Hurrengo urtean, berriz, 2018tik 2019ra, %9 jaitsi ziren ikusleak –umeen eta helduen filmak kontuan hartuta–; umeen filmetako ikusleakbakarrik zenbatuta, %27koa izan zen jaitsiera.

Haren arabera, adin tarte bateko jendea ez da joan ere egiten zinemara: 9 eta 15 urte bitartekoen artean nabaritzen du hutsunea Kulturazeko kideak. "Eta jartzen ditugu beraientzako moduko filmak, baina ez dira joaten. Beste ohitura batzuk dituzte: kalean ikusten ditut, edo ikastetxean nahiz futbol zelaian... Lehen, adin horretako gaztetxoak zinemara joaten ziren, eta orain galdu egin da ohitura hori". Helduen kasuan, "nahasketa handia" dagoen arren, 50-55 urtetik gorakoak dira fidelenak: "Badaude 70 bat lagun beti joaten direnak". Film batetik bestera aldea egon ohi den arren, batez beste, 143 pertsona joan ohi da asteburuero zinemara –emanaldi guztien batura da hori; hau da, bizpahiru proiekziotan pilatzen den jende kopurua–.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.