Koronabirusa Azpeitian

Kulturaz kooperatibak bertan behera utzi ditu datozen bi asteetarako prestatuta zituen ekitaldi guztiak

Uztarria.eus 2020ko mar. 12a, 17:01
Sanagustin kulturgunearen kanpoaldea.

Sanagustin kulturguneko eta Soreasu antzokiko ekitaldi oro utzi du bertan behera, udalarekin adostuta. Horrenbestez, ez dira izango Lumi, Mocker's, Zea Mays, Habi, Immaculate Fools eta Jotakie taldeen kontzertuak, Denbora Taupadak antzezlana eta San Jose Trikiki Jaialdia. Kooperatibak datozen egunetan erabakiko duela ekitaldietarako sarrerak erosita zituzten herritarrek zer aukera izango dituzten.

Kulturaz kooperatibak datozen bi asteetarako Sanagustin kulturgunean eta Soreasu antzokian prestatuta zituen ekitaldi publiko guztiak bertan behera utzi ditu, koronabirusaren aurkako neurri gisa. Horrenbestez, aste honetako #Arkupehotsak egitasmoaren barruko Lumi eta Mocker's taldeen kontzertuak, Denbora Taupadak umeentzako antzerki emanaldia eta Zea Mays eta Habi taldeen kontzertuak ez dira izango, ezta datorren asteburuko Immaculate Fools eta Jotakieren emanaldiak eta San Jose Trikiti Jaialdia ere. Horrez gain, bi asteburu horietarako iragarritako zinema saio guztiak ere bertan behera utzi ditu Kulturazek.

Oraingoz, kooperatibak ez du zehaztu antolatutako ekitaldiekin zer egingo duen, baina iragarri du datozen egunetan erabakiko duela ekitaldietarako sarrerak erosita zituzten herritarrek zer aukera izango dituzten. Kulturazek Azpeitiko Udalarekin adostuta hartu ditu neurriak, beste hainbat erakundek eta zerbitzuk neurri berak hartzea adostu ostean.

Hori horrela izanik, Uztarriak ere bertan behera utzi du Zea Maysen kontzerturako sarreren zozketa.