Koronabirusa Azpeitian

Kirol jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte

Uztarria.eus 2020ko mar. 12a, 15:57
Garmendipeko zelaiak hutsik izango dira datozen egunetan.

Kirol jarduera guztiak, federatuak eta federatu gabeak, eskola kirola barne, bertan behera geldituko dira Azpeitian, koronabirusaren hedapenaren aurkako neurriek eraginda. Besteak beste, ez dituzte egingo San Jose Txirrindularitza Saria eta Hiru Txirlo txapelketako bigarren jardunaldia.

Kirol jarduera guztiak, federatuak eta federatu gabeak, eskola kirola barne, bertan behera geldituko dira Azpeitian, koronabirusaren hedapenaren aurkako neurriek eraginda. 

Gipuzkoako Futbol Federazioak bere eskumeneko txapelketa guztiak hamabost egunez etetea erabaki duela jakinarazi du, "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Futbol Federazioak kontuan hartuta". Epe horretan entrenamenduak ere bertan behera uztea aholkatu du federazioak, eta Lagun Onakek eta Ikasberrik bat egin dute gomendio horrekin. Lagun Onaken talde nagusiaren partida ez zela jokatuko iragarria zuten atzo.

Iraurgi Saskibaloiak ere neurri bera hartu du eta bertan behera utzi ditu maila guztietako taldeen partidak eta entrenamenduak. Bertan behera utzi dute, halaber, Lagun Onak TEk antolatuta igandean jokatzekoa zen San Jose Txirrindularitza Saria, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak lasterketa guztiak bertan behera uztea eskatu ostean. Zapatuan Azpeitiko bolatokian egitekoak ziren Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketako bigarren kanporaketa ere ez dute egingo.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ere aurrekoen bide bera hartu du eta, horrenbestez, Ilunpek bertan behera utzi ditu entrenamenduak, baita klubeko pilotariek jokatu beharreko partidak ere. Zapatuan Garmendipeko bolatokian jokatzekoa zen Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketaren jardunaldia eta Lagun Onak Mendi Bazkunak iganderako antolatutako Eskolarteko XXXIII. Mendi Lehiaketa ez dira egingo. Izarraitz Igeri Elkarteak ere eten egin ditu entrenamenduak.