ELA sindikatuak salatu du grebako kartelak kendu dizkietela San Martin egoitzan

San Martin egoitzako ELA sindikatuaren talde bat | Iritzia
2020ko mar. 11a, 18:18

Uztarria.eus-i bidalitako gutun batean, San Martin egoitzako ELA sindikatuaren taldeak salatu du grebako pankartak eta kartelak kendu dizkietela. Hori gertatzen zaien hirugarren aldia dela nabarmendu dute ELAko kideek.

ELA sindikatuaren talde baten kartelak, zaborrontzian. (ELA)  Ikusi haundiago | Argazki originala

San Martin egoitzako ELA sindikatuaren taldeak grebako pankartak eta kartelak kendu dituztela salatu du. Talde horretako kideen arabera, greba egiteko oinarrizko eskubidea "zapuzten" ari zaizkie halako ekintzekin. Hona hemen Uztarria.eus-i ELAk bidalitako gutuna:

"San Martin egoitzako norbaitek hirugarren aldiz kendu dizkigu grebako pankartak eta kartelak, eta honen larritasuna salatzera gatoz. Greba egitea oinarrizko eskubide bat den heinean, greba sozializatzea ere oinarrizko eskubide bat da, eta behin eta berriz zapuzten digute. Txingorretan, euritan hotzez, ibili izan gara pankartak ipintzen San Martin inguruan. Berez hamar minututan egin daitekeena ordubetean eginez pankartak ondo kokatzeko. Baina zertarako? zakarrontzian topatzen ditugu beti.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako gatazkan 240 egun daramatzagu greban, hiru urte baino gehiago dira negoziaketa hasi zela eta lau urte pasatu ditugu soldata igoerarik gabe. Urteak daramatzagu ahoz aho, kalean, herrian eta Gipuzkoa osoan oro har gure errealitatea lehen lerroan jarri nahian. Berriz diogu ondo baino hobeto dakigula nola egiten dugun lan, profesionalak garela eta gure aiton-amonak inork baino hobeto zaintzen ditugula.

Gure lan erritmoak ezin dira jasan, ez daukagu nahikoa denbora behar gehiena duten egoiliarrak zaintzeko. Gainera, hamabost aiton-amona altxatu behar izaten ditugu, eta altxatu ostean, pixoihala aldatu, dutxara eraman, jantzi eta gosaltzera eramaten ditugu; hori guztia egiteko ordu erdi baino gutxiago dugu. 70 ohe egiten ditugu ordu eta erdian, gelditu ere egin gabe. Gauean bi adinekoen laguntzaile bakarrik daude 86 egoiliarrentzat. Hau al da zaintzaren kalitatea?

Ez gara aspertzen gure errealitatea zein den azaleratzen, arrazoi daukagula badakigulako. Ohituta gaude ikusezinak sentitzen, bigarren plano batean kokatzen gaituelako gizarteak berak emakumeak garelako, eta gainera zaintzaileak.

San Martin fundazioaren arauen oinarrian dago langileekiko, senitartekoekiko eta egoiliarrekiko errespetua eta elkarbizitza. Nola uler liteke premisa hau, langileen eskubideak irmoki urratzen direnean, gainera behin eta berriz eurak jakinaren gainean egonda?

Bien bitartean, gogorarazi nahi dugu gure borrokaren oinarrian pertsonak erdigunean jartzea eta zaintzaren kalitatea bermatzea dagoela. Guztiontzako onurak suposatuko dituela eta ez dugu onartuko beste mota honetako jazarpen jarrerarik."

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu