Pablo Milanesek kontzertua emango du Azpeitian, maiatzaren 9an

Uztarria.eus 2020ko mar. 10a, 13:21

Trobalari kubatar ezagunak Soreasu antzokian eskainiko du emanaldia, Esencia Tour'20 biraren barruan, 22:00etan hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko kulturaz.eus atarian.

Pablo Milanes trobalari kubatar ezaguna Azpeitian izango da maiatzaren 9an. Soreasu antzokian eskainiko du emanaldia, 22:00etan hasita. Ateak 21:30ean zabalduko dituzte, eta dagoeneko eskura daitezke sarrerak, kulturaz.eus webgunean. 35 eta 45 euro artean (gehi kudeaketa gastuak) balio dute sarrerek.

Esencia Tour'20 biraren barruan emango du zuzenekoa Azpeitian musikariak. Milanesek bere obraren esentzia bildu nahi izan du bira horretan. Bere ibilbideko abesti ezagunenak -En breve espacio, Yolanda, Para vivir, Ya ves...– abestuko ditu kontzertuan. Milanesek sei hamarkada daramatza oholtza gainean, eta Silvio Rodriguezekin eta Noel Nicolarekin batera, Troba Kubatar Berria mugimenduaren erreferente nagusia da.

Musikariak bi Grammy Latino sari lortu zituen 2005ean, eta 2015ean, Lifetime Achievement Grammy saria jaso zuen. Hala eta guztiz, ez dio agertokiei muzin egin sekula, eta musika nahiz poesia sortzen eta abesten jarraitu du azken urteotan.

Azpeitia kulturaz zipriztinduz

Milanesena ez da hemendik aurrera Azpeitian izango den kontzertu bakarra. Izan ere, atzerriko nahiz Euskal Herriko hamaika talde –entzutetsuak nahiz hasiberriak– izango dira herrian: Zea Mays, Jotakie, Innmaculate Fools, Testura, Skakeitan, Sua, Dupla, Grises, Fuel Fandango... Kontzertuez gain, beste kultur diziplenetako emanaldiak (Gauekoak, Matriuska...) eta kultur sormenarekin lotutako egitasmoak (Hitzaren Eskolako ekitaldi irekiak, Dapa ikus-entzunezko saioa, sormen tailerrak...) ere antolatu ditu Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibak.