The Norwegian Radio Orchestra ikustera Kursaalera joateko doako autobusa izango da

Uztarria.eus 2020ko mar. 9a, 17:10
Norwegian Radio Orchestra.

Apirilaren 29an izango da kontzertua, 20:00etan. Autobusa, berriz, 18:45ean irtengo da anbulatorioaren aurretik. Kontzerturako sarrerak Kursaalen webgunean erosten dituztenek egin ahalko dute autobuserako erreserba, apirilaren 24a baino lehen. Langabetuek eta 30 urtetik beherakoek sarrerak zein autobuserako tokia erreserbatu ahal izango dituzte.

The Norwegian Radio Orchestrak apirilaren 29an, asteazkenez, Donostiako Kursaalen eskainiko duen kontzerturako doako autobus zerbitzua eskainiko dute. Kursaal Eskura proiektua dela-eta eskainiko dute Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorria autobusez eta doan egiteko aukera. Izan ere, Kursaal Eszena egitasmoarekin bat egin dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek. Apirilekoa ez da izango zerbitzu hori eskaintzen duten lehen aldia; aurretik ere eskaini izan dute Kursaaleko emanaldietarako autobus zerbitzua.

Apirilaren 29ko kontzertua Norbegiako orkestrak eskainiko du Kursaal auditorioan, 20:00etan hasita, eta autobusa 18:45ean irtengo da anbulatorioaren aurretik. Kursaal Eskuraren barruko kontzertuetarako prozedura jarraituz, herritarrek kursaal.eus webgunean erosi beharko dituzte emanaldirako sarrerak lehenengo; 55 euro balio dute orkestraren kontzerturako salgai dauden sarrera garestienek, eta hamaika euro merkeenek. Autobuserako erreserba sarrera erostean egin beharko da, apirilaren 24a baino lehen udaleko 943-15 70 68 telefonora deituta.

Langabetuek eta 30 urtetik beherako herritarrek autobuserako erreserbarekin batera eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, hiru euroren trukean. Horiek kontzertuaren egunean jasoko dituzte sarrerak Kursaaleko leihatilan, eta adina edo lan egoera baieztatu beharko dituzte. Gainera, han ordaindu beharko dute hiru euroko sarrera –erabilgarri gelditutako sarrerak eskuratuko dituzte–. Gutxienez, hamabost lagunek eman beharko dute egitasmorako izena; kopuru horretara iritsi ezean, erositako sarreren dirua itzuliko dute.