Emakumeen aldeko aldarriek hartu dituzte Azpeitiko kaleak Martxoaren 8an

Uztarria.eus 2020ko mar. 8a, 15:29

Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Azpeitian adin guztietako ehunka lagun irten dira kalera emakumeen eskubideen defentsan. Azpeitiko Basanderiek asanblada feministak deituta manifestazio jendetsua egin dute eguerdian herriko kaleetatik Feminismo erradikala antolatu lelopean, eta ibilbidean zehar ozen oihukatu dituzte borroka feministaren aldeko mezuak. 12:00etan hasi da manifestazioa plazatik, eta leku berean amaitu da, Basanderiek asanbladako emakumeen hitzartzearekin. Martxoaren 8ak azken urteetan utzi dituen mobilizazio jendetsuak gogoratuz hasi dute hitzartzea, eta azpimarratu dute feminismoaren olatua ez dagoela gelditzerik. Halaber, feminismo liberalaren propagandaren eraginak salatu dituzte: "Kapitalismo heteropatriarkalaren oinarriak kolokan jartzeak, ordea, feminismo uholdea neutralizatzeko tresna ezberdinak erabiltzera eraman ditu boteredun burges gizonezko zuriak. Feminismo liberalaren propaganda zabaltzeari ekin diote, gure aldarriak desitxuratzeko asmoz". 

 "Zapalkuntza guztiekin" amaitu nahi dutela azpimarratu dute mugimendu feministako kideek, eta horrek "itxurazko aldaketa bat baino gehiago" eskatzen duela adierazi dute: "Kapitalismo heteropatriarkalaren oinarriak kolokan jartzeak feminismo uholdea neutralizatzeko tresna ezberdinak erabiltzera eraman ditu boteredun burges gizonezko zuriak. Kristalezko sabaiaz asko hitz egiten da, baina hitz egin dezagun lokatzetan dauden emakumeez, sistema guztia bere horretan jarraitzeko dohako edo esklabutza lanak egitera kondenatzen dituzten horiez". Halaber, "eskuin muturraren politikak" gaitzetsi dituzte, eta 

Manifestazioaren deitzaileak "pozik" agertu dira eguerdiko deialdiak izan duen harrerarekin. Behin mobilizazioa amaituta, bazkari feminista egin dute Azoka Plazan. 50 lagun inguru elkartu da bazkaritan, eta elkarrekin ospatu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna. Arratsaldean, berriz, Donostiara joango dira, mugimendu feministak deitu duen mobilizazioan parte hartzera. Donostiara joateko hitzordua 16:30ean jarri dute, anbulatorio aurrean, eta herriko emakumeei hara joateko deia egin diete Basanderiek asanbladako kideek. 

Hona hemen Basanderiek asanbladaren irakurketa, osorik: 

"Ikaragarria izan da azken urtetan martxoaren 8ak utzi duena. Ez dira irudi soilak; plaza bete horiek emakumeok* kontzientzia hartu, ahaldundu eta antolatzen ari garenaren erakuslehio bat dira. Milaka lagun mobilizatu ginen Euskal Herrian aurreko urteetan eta milioika munduan. Aurten, gure gaitasunak zalantzan jarri dituzte greba egitea erabaki ez dugulako, baina errealitatetik urrun dabiltza. Mobilizatzeko tresna ugari dauzkagu eta ez gara folklorean eroriko; akatsak egingo ditugu, ziur, beste batzuetan asmatuko dugu, baina aurrera goaz eta olatu hau ez dago gelditzerik!

Kapitalismo heteropatriarkalaren oinarriak kolokan jartzeak, ordea, feminismo uholdea neutralizatzeko tresna ezberdinak erabiltzera eraman ditu boteredun burges gizonezko zuriak. Feminismo liberalaren propaganda zabaltzeari ekin diote, gure aldarriak desitxuratzeko asmoz. Guk ordea zapalkuntza guztiekin amaitu nahi dugu eta horrek itxurazko aldaketa bat baino gehiago eskatzen du. Kristalezko sabaiaz asko hitz egiten da, baina hitz egin dezagun lokatzetan dauden emakumeez, sistema guztia bere horretan jarraitzeko dohako edo esklabutza lanak egitera kondenatzen dituzten horiez.

Bestetik, latentzia egoeran eroso zeuden faxistak ere esnatzen hasiak dira, beldur dira gure indarraz. Eskuin muturrak beldurra dio feminismoari. Eta arrazoia dute beldurra izatean. Zapalkuntzarik gabeko mundu bat nahi dugula esaten dugunean, beraien existentziarekin amaitu nahi dugula esaten ari garelako. Gure feminismoa antifaxista eta antiarrazista da eta ez dira pasako! Hesi arantzatuekin, heriotza politikekin, migrazio politikekin eta ultraeskuinak suspertutako arrazismoa eta xenofobiarekin amaituko dugu.

Hala ere, oraindik lan handia dugu egiteko eta zubi asko eraikitzeko. Gizonezkoei beraien pribilegioak deseraikitzeko exijitzen diegu, baina gutariko askok ditugun bestelako pribilegioak ere deseraikitzen joan behar gara; paternalismorik gabe, aliantzak eraikiz.

Feminismoan emakumeen* autoantolaketaren beharra azpimarratu nahi dugu indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan. Komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sistemak ezartzen duen pasibotasuna gaindituz. Beharrezkoak dira hausnarketa pertsonalak, beharrezkoak egunerokotasunean egiten ditugun keinuak, aldaketak eta borrokak. Ezinbestekoa da, ordea, antolatzea, zapalkuntzak ez direlako indibidualak, kolektiboak baizik, sistematikoak. Hori dela eta, hausnarketak partekatu eta borroka antolatzeko eremuak behar ditugu.

Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere. Ez dugu emakume askoren esplotazioan sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian-toki jarduten dugu, planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin. Haiekin eskubideen galera, hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak salatu eta borrokatuko dituen feminismoa defendatzen dugu; herrien suntsiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioarekin; jendea, etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduekin amaitu nahi dugu. Kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta arrazakeria instituzional eta soziala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu. Gure feminismoak itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!"