Mikel Larrañaga: "Uste genuen geurea ematen bagenuen irabazteko moduan izango ginela, eta horixe pasatu da"

Uztarria.eus 2020ko mar. 8a, 11:31

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen atzo Mikel Larrañagak Jon Rekondorekin, eta pozik zen azpeitiarra lanak bukatu berritan. Finalaren atarian faborito argirik ez zegoela zirudien arren, Larrañagak eta Rekondok bazuten konfiantza beren buruetan, eta konfiantza horren arrazoiak erakusteko moduan izan ziren Izarraitz pilotalekuan.

Horrela azaldu zion Larrañagak Uztarriari atzo: "Denek esaten zuten finala oso juxtua izango zela eta guk ere pentsatzen genuen lan zaila genuela aurretik. Era berean, ordea, eta kanporaketak nola joan diren ikusita, ikusten genuen geure lana ondo eginez gero aukerak genituela irabazteko. Izan ere, kanporaketetako saio batzuetan ez dugu geurea eman, eta uste genuen gaur geurea ematen bagenuen irabazteko moduan izango ginela, eta horixe pasatu da".

Atzetik aurrera egin zuten finalean txapeldunek, bete beharreko bost probak bete ahala. Bukaerako lan luze erabakiorrera segundo bakarraren aldearekin iritsi ziren Txikia IV,arekiko eta Mugertzarekiko, eta tartea zabaldu zuten hor, azken lan luzean: "Bagenekien azken lanera arte ez zela hemen ezer erabakiko; aurreko lan horietan oso zaila da aldeak kentzea, lan oso motzak direlako. Azken probara ailegatu garenean, egur handi horiekin, hasierakoetan ikusten genuen enbor bakoitzeko lanerdietan batera ematen genuela buelta, baina enbor osoa bukatu lehenago. Orduan, erdi pare horretan pentsatu dugu arranke pixka bat gehiago ateratzea, horrela egin dugu, eta nire ustez hortxe egon da gakoa".

Palmaresa gizentzen jarraitzen du Larrañagak. Atzo, lehen aldiz jantzi zuen txapela binakako txapelketan: "Lehen aldia da binakako txapelketa irabazten dudala, eta gustura nago. Banakakoa irabazita nengoen, orain binakakoa irabaztea zer den ere badakit, eta azkenean hori da nahi izaten dena, modalitate desberdinetan irabaztea; beste bat gehiago".

Aurrera begira jarrita, banakako lehia da aizkolari azpeitiarraren hurrengo erronka: "Orain, hilabete inguruko geldialdia izango dugu eta horren ondoren hasiko gara banakako txapelketarekin. Pare bat astean atseden hartu eta datorren txapelketa horretarako prestatzen hasi beharko gara, pixkanaka".

Hemen, atzoko herri kirol finalen argazkien bilduma: