Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi du Mikel Larrañagak

Uztarria.eus 2020ko mar. 7a, 22:28
Rekondo eta Larrañaga besoak altxatuta, finaleko lanak bukatu eta segituan.

Jon Rekondorekin bikotea osatuta, lehen aldiz jantzi du lehia horretako txapela gaur, etxean, Izarraitz pilotalekuan. Txikia IV.a eta Mugertza sailkatu dira bigarren postuan, eta Iker Vicenterentzat eta Jesus Mari Mujikarentzat izan da finaleko hirugarren eta azken postua. Beste lau final ere jokatu dira betekada hartu duen Izarraitzen.

Beste txapel bat gehitu du palmaresera Mikel Larrañagak. Gaur, Izarraitz pilotalekuan, Jon Rekondo leitzarra lagun zuela, lehen aldiz jantzi du azpeitiarrak Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren txapela.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala estua izango zela aurreikusten zen. Finaleko hiru bikoteak kanporaketetan pareko emaitzak lortuta iritsi dira finalera, bina kanporaketa irabazita eta bana galduta, hain zuzen. Eta estua izan da lehia, baina bi bikoteren artean. Izan ere, Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika ondo hasi dira, aurreneko bi lanetako emaitzak batuta –erlojuaren kontrakoa eta zutikakoa– beraiek izan dira azkarrenak, baina hortik aurrera nabarmen joan dira atzean gelditzen. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a, eta Larrañaga eta Rekondo, aldiz, atzetik aurrera etorri dira finalean. Oso parean ibili dira bi bikoteak abiadurako eta zutika/etzanda probetan. Horren erakusle, Larrañaga eta Rekondo segundo bakarreko aldearekin iritsi dira azken probara, lan luzera, eta hor erakutsi dute beren nagusitasuna. Bukaeran, bost lanetako denborak batuta, minutu beteko aldea atera diete txapeldunek (25’30”) Txikiari eta Mugertzari (26’30”).

Aizkolarien final nagusiarekin batera beste lau final ere jokatu dira, betekada handia hartu duen Izarraitzen. Urrezko Harrijasotze Txapelketarena izan da horin artean ikusmin handiena piztu duena eta Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra izan da hor txapela jantzi duena. Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Irati Astondoarentzat izan da, 23 urtez azpiko aizkolariena Ioritz Gisasola Zelai IV.arentzat eta Suharri Rodriguezentzat, eta 19 urtez azpikoena, berriz, Axel Larrañagarentzat eta Markel Zapiainentzat.