Josune Aizpurua: "Apirilean hasi ginen ikastaroa egiten, eta uztailean lana eskaini zidaten"

Gipuzkoako Hitza 2020ko mar. 6a, 12:34
Josune Aizpurua. (Aitziber Arzallus)

Harakintza eta haragikien elaborazioa ikastaroa egin dutenetako bat da Nuarbeko bizilaguna. Ikastaro horren nondik norakoez erreportajea dakar gaurko Gipuzkoako Hitza egunkariak, eta han elkarrizketatu dute Aizpurua.

Ostalaritzan urte askoan aritua da Josune Aizpurua (Asteasu, 1978) Nuarbeko bizilaguna, eta bazuen lanbidez aldatzeko gogoa. Ustekabean izan zuen harakintzako ikastaroaren berri, eta izena ematea erabaki zuen, "probatze aldera". Ikastaroa bukatuta, Urkaiko Baserria Km0 enpresan ari da lanean. Haren esanetan, "lana beti da lana, eta denean dago egin beharra", baina "pozik" dabil, sekula izan duen ordutegirik onenarekin.

Nolatan erabaki zenuen harakintza ikastaroa egitea?

Lanik gabe nengoen, ikastaroaren berri izan nuen, eta, zerbait egitearren, izena eman nuen.

Nola izan zenuen ikastaroaren berri?

Iraurgi Berritzenen bulegora joan nintzen beste zerbaitetara, eta han esan zidaten ikastaro berri bat eskaintzekoak zirela.

Zerk erakarri zintuen ikastarotik? Zergatik erabaki zenuen izena ematea?

Izena eman nuen, batez ere, astelehenetik ostiralera egiten den lan bat izan nahi nuelako. Urte askoan ostalaritzan jardundakoa naiz, eta ostalaritzan beti zabiltza jendearen martxaren kontrara: gehienek jai dutenean, zuk orduantxe lan gehien. Lehen, agian, ez zitzaidan horrenbeste axola, baina umeak ditudanetik balio handiagoa ematen diot haiek jai dutenean nik ere jai izateari.

Interesgarria iruditu zaizu harakintza ikastaroa?

Bai, gustura ibili naiz, eta asko ikasi dut.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.