Dena prest Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalerako

Uztarria.eus 2020ko mar. 6a, 00:15

Larunbatean 18:30etan hasiko da jaialdia, Izarraitz pilotalekuan. Lehia "estua" aurreikusi dute antolatzaileek zein parte hartzaileek. Aizkorako beste maila batzuetako finalak eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala ere jokatuko dituzte.

Dena prest dute Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalerako. Larunbatean jokatuko dute Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18:30etan hasita, eta gaur arratsaldean aurkeztu dute jaialdia, udaletxean egindako agerraldian. Han izan dira Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, Luis Mari Bengoa Egur Sport enpresako ordezkaria eta final handian parte hartuko duten sei aizkolarietatik lau: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Jesus Mari Mujika eta Ugaitz Mugertza. Ikuskizun “polita” agindu dute guztiek ere, lehia “estua” izango delako.

Arruti izan da hitza hartzen aurrena. Esan du “ohore bat” dela Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala hogeigarren urtez jarraian herrian hartzea, “gauza asko esan nahi dituelako horrek”. Bengoak azaldu ditu handik aurrerakoak. Txapelketaren bilakera nolakoa izan den kontatu du hark. Haren esanetan, lau bikotek parte hartu dute txapelketan eta haietik hiruk egin dute aurrera. Mujikak Iker Vicenterekin osatuko du bikotea, Larrañagak Jon Rekondorekin eta Mugertzak Alberdirekin. “Elkarren kontra jokatu ostean, bikote bakoitza bina saio irabazita eta bana galduta iritsi dira finalera. Horrek zer esan nahi duen? Finala estua, gogorra eta polita izango dela”. Bengoak nabarmendu du ez dagoela finala irabazteko faborito argirik. “Adituek diote kiniela egin beharko balute X bat jarriko luketela”.

Finalistek hainbat lan egin beharko dituzte larunbateko saioan. Hasteko, bikoteko aizkolari batek 45 ontzako egur bat ebaki beharko du erlojuaren aurkako proban. Bigarren lanean, zutikako kanaerdiko enbor bat ebaki beharko dute txanda librean. Segidan, 65 ontzako egur bat ebakiko dute bi aizkolariek. Gero, bikoteko partaide batek 45 ontzako enborra moztu beharko du lehenik, eta hori moztu ahala, haren bikotekideak etzandako kanaerdikoa ebakiko du. Azken lanean, berriz, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi 65 ontzako ebaki beharko dituzte txanda librean.

Lau finalistek adierazpen beretsuak egin dituzte finalerako aurreikuspenez galdetuta. Alberdik uste du segundo gutxi aterako dizkiola bikote irabazleak hirugarrenari. “Saio luzea izango da eta edozein hutsegitek txapela lortzeko lehiatik kanpo utz gaitzake. Beraz, guztiok lanak oso ondo egin beharko ditugu”.

Mujikak eskerrak emanez hasi du hizketaldia, lehenengoz izan duelako txapelketan parte hartzeko aukera. Vicenteri erreferentzia eginez, esan du laguna “oso ona” duela, eta bikoteko “ahulena” bera denez, hari laguntzen saiatuko dela. “Ea nerbioek ez didaten gehiegi eragiten eta uzten didaten etxean egindakoak plazan egiten”. Ikuskizun polita eskaini nahi luke, “ikustera datozenak gustura gera daitezen”.

Aurrekoen ildo beretik jarraitu du Larrañagak ere. Hark ere adierazi du final “estua” espero duela, guztiak ere “kontrario gogorrak” direlako. Hala ere, nabarmendu du Rekondo eta biak finalera “ondo prestatuta” eta “sasoi puntu onean” doazela eta lan txukuna egiten badute, besteei lan pixka bat emango dietela.

Azkenik Mugertzak hartu du hitza, lau aldiz txapeldun izandakoak, eta esan du aldea xehetasun txikietan egongo dela. “Presaz egin beharreko lanak izaten dira eta horren alde txikia dagoenetan, xehetasun txikiak erabakiorrak izaten dira. Beraz, txapela irabazteko gakoa hutsik ez egitea izango da, lan perfektua egitea”. Adierazi du beste bi bikoteek “izar handi bana” badutela, eta Vicente eta Larrañaga tartean egoteak beti zailtzen dituela lanak.

Beste final batzuk

Larunbateko saioan beste maila batzuetako finalak ere jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan. 23 urtez azpikoen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Julen Larrea eta Jokin Urretabizkaia eta Hodei Ezpeleta eta Unai Zabala ariko dira. Horietan ere lau bikotek parte hartu dute txapelketan eta lautik hiru iritsi dira finalera.

19 urtez azpikoen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean, berriz, Axel Larrañagak eta Markel Zapiainek jokatuko dute Oier Larretxearen eta Endika Goiaren kontra. Lau aizkolariak estrainekoz ariko dira Azpeitian.

Emakumeen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finala ere jokatuko dute larunbatean. Txapelketa horretan lau lagunek parte hartu dute eta haietatik hiru sailkatu dira finalera: Nerea Sorondo, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi, hain zuzen. Sorondo da egungo Euskal Herriko txapelduna eta baita etziko finala irabazteko faboritoa ere, txapelketan jokatu dituen saio guztiak irabazita helduko da finalera.

Aizkorako finalez gain, Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala ere jokatuko dute larunbatean, eta “ikuskizun handia” agindu du Bengoak. Hark azaldu duenez, bost harrijasotzailek parte hartu dute txapelketa horretan eta bostetik hiru sailkatu dira finalera: Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra, Urdax Mangunazelaia eta Aimar Galarraga oriotarra. Bengoak esan du “zoriontsu” daudela, finalera sailkatu direnetatik bik 22 urte besterik ez dituztelako. “Aurten ez bada datorren urtean, punta-puntan ibiliko diren harrijasotzaileak dira eta lehia polita ikusteko aukera izango dugu larunbatean”.

Sarreren zozketa

Larunbateko jaialdirako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azpeitiko Udalak. Zozketan parte hartu nahi dutenek ostiralean 12:00ak baino lehen eman beharko dute izena udaletxera deituta (943-15 71 85) edo udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Izen abizenez gain, harremanetarako telefono bat utzi beharko dute parte hartzaileek, eta irabazleei ostiral eguerdian bertan jakinaraziko diete.