Matxin III.a, Agirrezabala eta Ion, erremonteko Sagardoaren Txapelketan

Uztarria.eus 2020ko mar. 5a, 16:56
Txapelketaren aurkezpena herenegun egin zuten, Astigarragako Petritegi sagardotegian. (Oriamendi)

Segurola egungo txapeldunarekin bikotea osatuta ariko da Ion, Azpiroz atzean duela Matxin III.a, eta Juanenea aurrelariarekin batera Agirrezabala. Gaur jokatuko da Galarretan lehen faseko aurreneko partida; Matxin III.a-Azpiroz eta Aldabe-Barrenetxea IV.a bikoteak ariko dira bertan aurrez aurre.

Gaur jarriko da martxan, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, erremonteko binakako X. Sagardoaren Txapelketa. Zortzi bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. Aurten ere bikote bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du txapelketan, eta Azpeitiko hiru erremontistak hartuko dute parte txapelketan: Ion Etxeberria, Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Igor Agirrezabala.

Iaz txapela jantzi zuen Segurola aizarnazabaldarrekin bikotea osatuko du aurten Ionek. Gaztañaga sagardotegiaren izenean jokatuko du bikote horrek, A multzoan; Goikoetxea-Endika (Gurutzeta), Ezkurra II.a-Zubiri (Larre Gain) eta Urriza-Arruarte (Bereziartua) dira multzo horretako beste hiru bikoteak. B multzoan, berriz, Matxin III.a-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Aldabe-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) eta Ansa II.a-Larrañaga (Setien) lehiatuko dira.

Azken multzo horretako neurketa batekin hasiko da txapelketa gaur arratsaldean, eta Azpeitiko pilotari bat ariko da bertan: Matxin III.ak eta Azpirozek (Petritegi) Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren (Oialume Zar) kontra jokatuko dute. 16:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da txapelketakoa. Lehen faseko ligaxkaren lehen jardunaldiaren barruko neurketa izango da gaurkoa; lehen fasea osatzean, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak igaroko dira finalaurrekoetako ligaxkara. Apirilaren 18an bukatuko da gaur hasiko den lehen fasea, finalaurreko ligaxka apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 2an amaituko da, eta finala maiatzaren 9an jokatuko da.