Euskarazko zinemagintzari buruzko saioarekin hasiko da Munoandiren 2020ko hitzaldi zikloa

Uztarria.eus 2020ko mar. 4a, 18:50
Maria Jesus Aranburu, Xanti Rodriguez, Ignacio Arakistain eta Pello Elorza zikloaren aurkezpenean.

Zinemagintzan dabiltzan edo ibili diren lau herritarrek parte hartuko dute bihar Sanagustin kulturgunean egingo duten mahai inguruan (19:00). Zigor Etxebeste zinema kritikariak gidatuko du saioa, eta Xanti Rodriguez, Paola Moto, Asier Sustaeta eta Pello Elorza izango dira hizlariak.

Munoandi kultur elkarteak 2020. urterako ekitaldi zikloa prestatu du, eta haren aurkezpena egin zuten atzo, asteartea, Basazabal jauregian. Hain zuzen ere, iazko saioei jarraipena emanez, Munoandik antolatutako hainbat hitzaldi izango dira datozen hilabeteetan herrian. Lehenengoa, euskarazko zinemari buruzkoa, gaur izango da, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Zigor Etxebeste zinema kritikaria arduratuko da mahai ingurua gidatzeaz. Ignacio Arakistain Munoandiko kideak aurreratu duenez, "euskarazko zinemagintzaren bilakaeraz jardungo du Etxebestek sarreran, eta ondoren, herriko protagonistei egingo die lekua, zinemagintzan ibili diren eta dabiltzan hainbat belaunalditako herritarrei". Hala, zinemaren lehenaz eta orainaz ariko dira Xanti Rodriguez argazkilari eta zinemagilea, Paola Moto zinema teknikaria, Asier Sustaeta zinemagilea eta Pello Elorza Azpeitiko Zine Klubeko kide izandakoa.

Argazkilaritzan hasi eta zinemagintzara iritsi arteko bideaz hitz egingo du Xanti Rodriguezek. "Aitagandik jaso dugun zaletasuna nola landu dugun azalduko dut, eta horrez gain, jende gaztea zinemagintzan urratsak egiten ausartzera ere animatu nahi nuke". Izan ere, Rodriguezen esanetan, "talentudun jende asko" dago herrian, eta gaur egun herritar guztiek dituzte "baliabideak eskura". Rodriguezek 2018an kaleratu zuen zinemagintzako lehen proiektua, Lekaime film laburra, eta munduan zehar dezenteko arrakasta erdietsi du. Orain, bigarren ekoizpena lantzen ari direla azaldu du zinemagileak, Ospel izeneko filma, hain zuzen. "Ospel proiektu handizaleagoa da, zentzu guztietan. Orain ari gara filmaren zati batzuk grabatzen, proiektua finantzatuko duten horiei aurrerapen gisa aurkezteko".

Pello Elorzak, berriz, beste garai batzuetako zinemagintzaz jardungo du biharko saioan. Elorza Azpeitiko Zine Klubeko kide izandakoa da, baita hainbat lan ekoiztutakoa ere. "Xanti eta hauek mundu digitalean ibili izan dira hasiera-hasieratik, baina gu mundu analogikotik gatoz, eta guk lana nola egiten genuen azalduko dut, gaurko gazteak harrituta geldituko baitira".

Maiatzerako bigarrena

Aurtengo bigarren ekitaldia maiatzaren hasieran izango dela aurreratu du Arakistainek, eguna zehazteko badute ere. Hitzaldi eta dokumental baten bidez, Aita Mari salbamendu ontziaren egunerokotasuna ezagutaraztea izango da bigarren saioaren helburua. Gai hori jorratzera Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteko presidenteorde eta Aita Mari salbamendu ontziko boluntario Iñigo Gutierrez izango da Azpeitian. Arakistainen hitzetan, "pil-pilean" dagoen gaia da, eta "oso interesagarria" izango da drama hori bertatik bertara bizi duen pertsona baten lekukotasuna ezagutzea.

Maiatzeko saio horretan, MayDayterraneo proiektuaz hitz egingo du Gutierrezek. Hala dio Arakistainek: "Finantziazio bideak, salbamendu lanak nola egiten dituzten eta gerrateetatik, goseteetatik eta zapalkuntza egoeretatik aldendu nahian beren lurraldeetatik alde egiten dutenen bizipenak azalduko dizkigu". Gutierrezek esango dituenak irudietan ikusteko, 24 millas dokumentala ere emango dute saio horretan.

Munoaundi elkarteak aurten beste bi saio egiteko asmoa baduela ere azaldu du Arakistainek, baina saio horiek udazkenean izango direla jakinarazi du. "Aurreratu dezakegu zientziaren eta adimen artifizialaren ingurukoak izango direla saio horiek, baina ez gehiagorik".

Iaz hiru ekitaldi antolatu zituen Munoandi kultur elkarteak, eta "gustura" daude jendeak haiei egindako harrerarekin.