'Hau da Green' lehiaketako sari berezia jaso du Iraurgi Ikastetxeak

Uztarria.eus 2020ko mar. 4a, 12:23

Iraurgi Ikastetxeak garatutako Gu Geu Plastikorik Gabe! egitasmoak Hau da Green lehiaketako sari berezia jaso du. Ikastetxeen saileko saria jaso du plastikoa murrizteko helburuz eta material horren bueltako arazoaz sentsibilizatzeko sortutako proiektuak. Egitasmo jasangarrien berri ematen duen Ecolatras plataforma digitalaren bitartez jakin zuten ikastetxeko ordezkariek Hau da Green lehiaketa egiten zela Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Gu Geu Plastikorik Gabe! proiektua aurkeztu zuten sariketara. Aurtengoan, 40 proiektutik gora aurkeztu dituzte ingurumena errespetatzeko eta inguru berdeagoa sustatzeko sortutako lehiaketara, eta atzo, asteartea, egin zuten sari banaketa ekitaldia Bilboko Azkuna Zentroan. Ane Arregi, Leire Larrañaga eta Aner Alonso ikasleek jaso zuten Iraurgi Ikastetxeari eman dioten saria –argazkietan–.