Adiel Zabala: "Gauza berriak ikasten jarraitzeko aukera ona dira argazki rallyak"

Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 4a, 12:30
Gau Txori argazki rallyko sarituak; eskuinetik bigarrena da Adiel Zabala. (Juan Mari Ibarzabal)

Azpeitiko XI. Gau Txori argazki rallya irabazi du Adiel Zabalak (Zestoa, 1970). Amak etxean zuen argazki kamerarekin txikitan hasitako bideari eusten dio. "Anbizio hori ez" badu ere, sariak jasotzen hasia da.

Azpeitiko XI. Gau Txori argazki rallya irabazi duzu. Nola hartu zenuen albistea?

Oso gustura. Azpeitian dagoen mailarekin eta hango argazki elkarteak duen indarrarekin, haiek antolatutako rally batean lehen saria irabaztea oso pozgarria izan da niretzat. Gainera, argazki rally bat irabazi dudan lehen aldia da. Soraluzen [Gipuzkoa] bigarren sari bat eta Zestoan hirugarrena lortua nintzen, baina lehen saririk inoiz ez, orain arte.

Argazki rallyetan asko ibiltzen al zara?

Urtean hirutara edo lautara behintzat joaten gara. Badaude Gipuzkoan herriz herri antolatzen diren guztietan parte hartzen ahalegintzen direnak, urte bukaeran rally guztietako sailkapenak kontuan hartuta ematen duten makila irabazteko. Baina guk ez daukagu horrelako anbiziorik.

Gau Txori rallyan lehen aldia izan al duzu aurtengoa?

Ez, bigarrena. Iaz parte hartu nuen lehen aldiz, giroa asko gustatu zitzaidan, eta errepikatzea erabaki nuen. Rallyan parte hartzen dutenei elkarrekin afaltzeko aukera ematen zaie; denek ez dute ematen izena afaritarako, baina joan den urtean hogeitaka lagun elkartu ginen mahaiaren bueltan eta oso giro polita sortu zen. Aurten, aldiz, oso gutxi ginen afaltzen, eta hori izan da txarrena. Azkenean, disfrutatzeko ez ezik, ikasteko modu bat ere badira horrelako juntadizoak eta hor sortzen diren elkarrizketak.

Gauez egiten da Gau Txori rallya, hori du berezitasun nagusia. Aparteko erronka al da hori argazkilarientzat?

Bai, erronka handia da. Argirik ez daukazu eta tripodearekin egin beharreko rallya da. Argazki gehienek ohi baino denbora gehiago eskatzen dute, gehiago landu behar dituzulako; ezin duzu klik egin eta kito.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.