Zabaldu dute aurtengo Euskal Antzerki Topaketetara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2020ko mar. 3a, 16:30
Erika Olaizolaren 'Panpina' obrako une bat.

Konpainiek apirilaren 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Bi ezaugarri bete beharko dituzte eskaria egiten duten taldeek: konpainiek Euskal Herrikoak izan behar dute eta obrek euskarazkoak. Eskaerak Azpeitia.eus webgunearen bidez izapidetu beharko dira.

Datorren udazkenean egingo diren XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketetan parte hartu nahi duten taldeek edo konpainiek obren proposamenak aurkezteko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, apirilaren 20a bitartean izango dute horiek proiektuak aurkezteko aukera. Proposamenak egiten dituzten taldeek bi ezaugarri bete beharko dituzte: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute eta obrek euskarazkoak.

Haurrei, gaztetxoei nahiz helduei zuzendutako antzezlanak, amateurrak nahiz profesionalak, izaten dira topaketetan, eta beraz, ezaugarri horietakoren bat betetzen duten taldeek egin ahal izango dituzte eskaerak. Obraren aurkezpena, sinopsia, fitxa teknikoa nahiz artistikoa eta material grafikoa aurkeztu beharko dituzte. Proiektuak Azpeitiko Udalaren webgunearen bidez izapidetu behar dira; hau da, modu elektronikoan. Zalantzak argitu edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 943-15 70 68 telefonora deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete.