Olatz Aguado: "Sortzeko garaian motibatu egiten nau kaleak"

Uztarria.eus 2020ko mar. 12a, 11:37
Olatz Aguado.

Berezkoa du sortzea. Kalekoa, egunerokoa, da sarri bere burua martxan jarrarazten diona. Gauzak adieraztea du gogoko; modu onean, umorez. Nerea Uranga kazetariak elkarrizketatu du Aguado Zu Zeu atalerako, 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian.

Gizarte hezitzailea zara lanbidez, baina sortzailea izatez.

Halabeharrez, hala da. Azkenean, sortzeak ez dauka ez soldata bat hil bukaeran, ez egonkortasunik. Bestela, agian, sormena izango nukeen lanbide. Ez diot inoiz utzi sortzeari; behar bat da sortzea. Egungo lanean ere sormena eta umorea barra-barra erabiltzen ditut, ez pentsa!

Aurreneko ikasketak ere sorkuntzatik bideratu zenituen?

Hori ere halabeharrez. Ez nintzen oso ikasle fina, eta Batxilergo Artistikoak motibatu egingo ninduela pentsatu genuen. Hala, 16 urterekin Soriara (Espainia) joan nintzen ikastera; gustura. Bueltan diseinu grafikoko masterra eta argazkilaritzako goi mailako modulua egin nituen. Argazkilari gisa, Euskaldunon Egunkarian kolaborazio batzuk egin nituen eta Boliviara boluntario joateko aukera ere izan nuen. Gero, urte askoan, diseinu grafikoko lanak egin eta marrazkiak saltzen ibili naiz. 41 urterekin, berriz, Gizarte Integrazioa ikasi nuen.

Analogikoan lehen, orain digitalean.

Ikasle garaian, analogikoan lan egiten asko gozatu nuen, errebelatzen eta. Orain, sakelako telefonoarekin heldu diot berriro argazkilaritzari, eta oso gustura nabil.

Kaleko irudiak zure lanean asko ikusten dira. Kalea al duzu inspirazio?

Ez naiz barruko landarea, kanpoko landarea baizik; denerako. Oraingo lana ere oso kalekoa dut. Motibatu egiten nau kaleak. Pasieretan, neure burbuilan, sortzen ditut lanak, eta gero hori partekatzeak poz ematen dit.

Sare sozialez zer diozu?

Horiek ere aurkikuntza ederra izan dira. Zirikatzailea ere banaiz. Oso ondo pasatzen dut nire lanak Instagramera-eta igotzen. Gauzei buelta erdi bat ematea dut gustuko, baina umorez. Gauzak umorearekin esanda hobeto ulertzen dira. Egiten dudan hori modu onean adierazten eta azaltzen saiatzen naiz.

Petopetue marka ere sortuta duzu.

Orain dela bi urte Sormen Beketatik jasotako dirulaguntzarekin sortu nuen. Azpeitiko esaerekin eta hitz jokoekin zein nire marrazkiekin egindako opari produktuak dira. Proiektuak biziraun zezan, lankide batekin on line denda ireki nuen, eta tirriki-tarraka aurrera doa.