Apirilaren 9an zabalduko dute lurrun trenaren 2020ko denboraldia

Uztarria.eus 2020ko mar. 2a, 13:19

Aste Santuan eta Pazko Astean lurrun treneak hainbat bidaia egingo ditu Azpeitia eta Lasao artean, eta azarora arte izango da tren horretan joan-etorriak egiteko aukera. Trenean ibiltzeko aukerarik ez dute eskainiko apirilera arte, baina Burdinbidearen Euskal Museoa zabalik izaten da asteartetik igandera bitartean.

Datorren apirilaren 9an, Ostegun Santua, hasiko da Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenen aurtengo denboraldia. Aste Santuan eta Pazko Astean lurrun trenak hainbat bidaia egingo ditu Azpeitia eta Lasao artean, eta azarora arte izango da martxan 2020ko denboraldia.

Dena den, bien bitartean, alokagai izango da lurrun trena, eta Burdinbidearen Euskal Museoa ere zabalik izango da bisitarientzat. Hain zuzen ere, asteartetik zapatura egongo da irekita museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. Igandeetan eta jaiegunetan ere irekiko dute, 10:30etik 14:00etara bitartean.