Maider Arregik lortu du Erniarraitz bertso txapelketaren finalerako lehen txartela

Uztarria.eus | Kultura
2020ko mar. 1a, 22:53

Gaur, igandea, jokatu da Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren lehen kanporaketa, Errezilgo Borondegi kultur etxean. Sei bertsolarik kantatu dute gaurko saioan. Kanporaketa puntutan berdinduta bukatu da: Maider Arregi oñatiarrak eta Xabat Illarregi leitzarrak 245na puntu lortu dituzte. Epai irizpideen arabera, ordea, Arregik lortu du txapelketako finala jokatzeko txartela. Hirugarren puntuazio onena, 224,5 puntu, Joanes Illarregi leitzarrak lortu du; laugarrena, 221 punturekin, Unai Izagirre azkoitiarra gelditu da; bosgarrena, Sarai Robles barañaindarra, 205 punturekin; eta, seigarrena, 192,5 punturekin, Eder Iturralde errezildarra.

Kanporaketan bertsolariek egin behar izan dituzten ariketak izan dira: hiruna bertso zortziko handian; hiruna bertso zortziko txikian; puntuka, bi punturi erantzutea; hiruna bertso hamarreko txikian; eta, kartzelako lana. Gai-jartzaile Jon Zaldua aritu da, eta idazkari Eneritz Eizmendi. Epaimahaia Oihana Arangurenek, Amaia Otxotorenak eta Bakarne Urreagak osatu dute.

"Ilusioa egiten dit finala jokatzeak"

Martxoaren 27an Azpeitiko Gaztetxean jokatuko den Erniarraitz bertso txapelketarako txartela lortu du gaur Maider Arregi (Oñati, 1996) bertsolariak. Kanporaketa irabazita, Errezilgo Udalak emandako oroigarria jaso du Arregik Xebero Agirretxe Errezilgo alkatearen eskutik.

Arregik hirugarren aldiz parte hartu du Erniarraitzek antolatutako txapelketan, baina aurreko bietan ez zuen lortu finalean kantatzeko aukerarik. Hala kantatu du agurreko bertsoaren bukaeran: “Oso gustura kantatzen dugu entzuten digutenetan”. Saioa bukatu ondoren, “gustura” jardun duela azaldu du Arregik, baina adierazi du ez zuela bere burua aurreneko postuan ikusten: “Poztu naiz, ordea, finalean kantatzeak ilusioa egiten didalako". Finala jokatzeko gogoz dagoela azaldu du bertsolari oñatiarrak.

Beste bi kanporaketa eta finala

Errezilgo kanporaketaz gain, beste bi kanporaketa jokatuko dira datozen asteetan. Hurrengo kanporaketako saioa martxoaren 15ean izango da Zestoako Kultur Etxean, 17:30ean hasita. Orduan honako bertsolariek abestuko dute: Iker Letamendia, Eli Pagola, Irati Ancantarilla, Markel Eizagirre, Jon Gurrutxaga eta Mikel Iturriotz.

Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute martxoaren 22an, 17:30ean hasita. Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria, Imanol Albizu eta Aitor Zubikarai arituko dira bertsotan Azkoitiko saioan.

Finala martxoaren 27an, ostiralez, jokatuko dute, eta azken urteetan ohi bezala Azpeitiko Gaztetxean izango da. 22:00etan hasiko da finaleko saioa. Finalean, hiru kanporaketetako irabazleek eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste hiru bertsolarik kantatuko dute; guztira, sei bertsolarik.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu