Azpeitiko 89 emakumek egin dute XXXI. Lilatoia

Uztarria.eus 2020ko mar. 1a, 21:16
Azpeitiar batzuk proban. (Irutxuloko Hitza)

Inoizko parte-hartzaile kopuru handiena izan da gaur Donostian izan den XXXI. Lilatoian. Hain zuzen ere, 6.564 emakumen egin dute kirola eta aldarrikapena uztartzen dituen lasterketa. Azpeitiarren artean azkarrena Onintza Zeberio izan da; sailkapen orokorrean hemeretzigarrena izan da.

Gaur, martxoaren 1arekin, egin dute Lilatoiaren XXXI. edizioa, Donostian. Korrikalariz bete dira kaleak, eta inoiz baino emakume gehiagok hartu dute parte lasterketan: 6.564k. Norantza bakarra du bideak lelopean egin dute gaur proba, eta urtero legez, azpeitiarrak ere izan dira tartean. Hain zuzen ere, Azpeitiko 89 emakumek osatu dute lasterketa.

Festa, kirola eta aldarrikapenak izan dira nagusi, baina sailkapena izaten du probak, eta azpeitiarren artean azkarrena Onintza Zeberio (20:04) izan da, hemeretzigarren helmugaratuta. Nagore Aramendi (20:34) izan da azpeitiarren artean bigarren azkarrena (21. sailkapen orokorrean), eta Desiree Odriozola (25:11), berriz, hirugarrena (sailkapen orokorrean 129. izan da). Sailkapen osoa honako lotura honetan ikus daiteke.

10:30ean hasi da 4,7 kilometroko ibilbidedun lasterketa entzutetsua. Ehunka eta ehunka emakume atera dira martxoaren 8aren bueltan egiten den proban. Aspaldiko urteetako azpeitiar kopuru handiena izan da gaur Lilatoian; izan ere, iaz 68k egin zuten eta duela bi urte 82k. Gainera, talde berezi bat ere atera da gaurkoan: Marea Urdinako kide batek ere egin du proba, hainbat herritarrek lagunduta –beheko argazkian–. Irutxuloko Hitzak XXXI. Lilatoiaren argazki bilduma egin du, eta honako lotura honetan ikus daiteke.

(Argazkiak: Irutxuloko Hitza eta Marea Urdina)