Juaristi ISBk etxean eta ezin hobeto hasi du ligaren bigarren fasea

Uztarria.eus 2020ko mar. 1a, 19:01

Asteburuan hasi da Zilarrezko LEB Ligako bigarren fasea, eta ISBk ezin hobeto ekin dio sasoi berriari. Izan ere, atzo, zapatua, Azpeitiko kiroldegian neurtu zituen indarrak Hestia Menorcaren kontra, eta 78 eta 74 nagusitu zen etxeko taldea. Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak atzetik bukatu zuen lehen laurdena (13-20), baina bigarrenean aise nagusitu zen: 42 eta 38 zen margailuan atsedenaldian. Hirugarren laurdenean parez-pare aritu ziren bi taldeak (58-55), eta laugarrenean ere bai. Lau punturen aldez, beraz, Juaristi ISBrentzat izan zen garaipena. Saskiratzaile onena fitxatu berri duten Federico Van Lacke izan zen; hogei puntu batu zituen. Datorren astean Gironan jokatuko du Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak.

Juaristi ISB bere multzoko –bi multzotan dago banatuta liga– sei talde onenekin ari da lehiatzen hasi berri den bigarren fasean. Dena den, orain arte egindako lana ez da islatuko bigarren fasea hasterako Juaristik ISBk dituen puntuetan. Izan ere, lehen multzora sailkatu diren sei taldeek elkarren aurka izan dituzten emaitzak soilik hartzen dira kontuan bigarren fasea hasterako. Lehen fasean hamahiru garaipen eta zazpi porrot eskuratu zituzten Jimenezen mutilek, baina araudia tarteko, hiru garaipen eta zazpi porrotekin hasiko du denboraldiko bigarren zatia. Multzoko sei talde onenek hamabi norgehiagoka jokatuko dituzte, eta sailkapen burua zuzenean igoko da Urrezko LEB Ligara. Gainerako talde denek igoera fasea jokatuko dute, eta bi talde onenak ere mailaz igoko dira.

(Argazkia: Juaristi ISB kopako partidan)