Azpeitia-Iruñea egitasmoa aurkeztu dute mendizaleek

Uztarria.eus 2020ko ots. 29a, 11:52
Azpeitia-Iruñea egitasmoaren aurkezpenean, Lagun Onak MBko kideak.

Lagun Onak MBk martxoaren 14an hasiko du Azpeitia-Iruñea egitasmoa, egun horretan egingo du aurreneko etapa. Azpeitia-Iruñea ibilbidea bost etapetan egingo dute; azkena, uztailaren 4an. Azpeitia-Tolosa etapa da aurrenekoa, eta "mendi-mendiko" ibilbidea dela zehaztu dute mendizaleek. Astelehenean, martxoaren 2an, zabalduko dute ibilbide horretan parte hartzeko izen ematea.

2020rako Lagun Onak mendi bazkunako mendizaleek prestatu duten egitasmoetako bat da Azpeitia-Iruñea. Bost etapetan egingo dute zeharkaldia, martxoaren 14an (larunbata) hasita. Neurri batean Zezenaren ibilbidea bezala ezagutzen dena jarraituko dutela adierazi dute mendizaleek, "baina ez osorik". Lagun Onakekoek zehaztu dutenez, Zezenaren ibilbidea deskatalogatuta dago gaur egun: "Zezenaren ibilbideko bide zati batzuk itxita daudelako, eta beste batzuk egoera txarrean. Beraz, ibilbidea eta etapak geuk osatu ditugu, aukera desberdinak aztertuta. Berez, Aralarretik izango litzateke bide motzena, baina 20 kilometro inguruko etapak antolatzeko modurik ez zigun eskaintzen aukera horrek, etapa bat edo beste Aralarren erdibidean bukatuko liratekeelako".

Hilero egitasmoko etapa bat egingo dute eta uztailaren 4an izango da azkenengoa, Oteiza-Iruñea artekoa. Bost etapetan "gogorrena" aurrenekoa dela zehaztu dute mendizaleek, Azpeitia-Tolosa artekoa: "24 kilometroko bidea da, mendi-mendikoa. Azpeititik irten eta Arauntza-Hernio-Unbeltz-Herniozabal-Markeskua auzoa-Tolosa bidea egingo dugu". Egitasmoko etapa denak 20 eta 30 kilometro artekoak dira.

Azpeitia-Tolosa arteko martxoaren 14ko irteeran parte hartzeko izen-ematea astelehenean, martxoaren 2an, irekiko du Lagun Onak MBk, eta izena emateko azkenengo eguna martxoaren 12a (osteguna) izango da. Izena emateko bi aukera daude: lagunonakmb.org webgunean idatzita edota mendizaleen tabernara joanda.

Azpeitia-Iruñea, etapak:

1. Azpeitia-Tolosa. Martxoak 14 (larunbata). 24 kilometro
2. Tolosa-Leitza. Apirilak 25 (larunbata). 24 kilometro
3. Leitza-Aldatz. Maiatzak 16 (larunbata). 20 kilometro
4. Aldatz-Oteiza. Ekainak 13 (larunbata). 27 kilometro
5. Oteiza-Iruñea. Uztailak 4 (larunbata). 20 kilometro

Etapa bateko edo besteko eguna aldatzea posible dela adierazi dute mendizaleek.

2017an hasita

Herri batetik besterako zeharkaldiak etapaka egiteko egitasmoarekin 2017an hasi zen Lagun Onak MB. Orduan, Azpeitia-Hazparne. 30 urte, bi herri pausoz pauso egin zuten, Azpeitiaren eta Hazparneren arteko ibilbidea osatuz, sei etapatan. "Ikusita, proposamen horrek jendearen artean izan zuen arrakasta, antzeko formatuko egitasmoekin jarraitzea erabaki genuen", azaldu dute mendizaleek. 2018an, Azpeitia-Bilbo arteko ibilbidea egin zuten, zortzi etapatan. Iaz, berriz, Arrainaren eta ardoaren ibilbidea egin zuten, Bermeo eta Oion arteko ibilbidea eginez, GR-38 bidea jarraituz.

Urtez urte, Lagun Onakek antolatutako mendi ibilbideetan jendearen parte hartze handia izan da, eta harrera ona jaso dute ibilbideek. "Azpeitia-Hazparnekoa bukatu zenean, hurrengo urterako zer proposamen genuen galdetzen hasi zen jendea. Horregatik, antzeko formatuko egitasmoekin jarraitzea erabaki genuen. Gainera, urte hauetan antolatu ditugun egitasmoak ibilbideetan parte hartu duten mendizale batzuk proposatu dituztenak dira. Gainera, taldetxo bat osatuta dugu egitasmo hauek antolatzeko eta aurrera eramateko", azaldu dute mendizaleek.