Eider Garate: "Turinen gaudenontzat bizi dugun egoera baino gogorragoa da gure familiek duten kezka"

Uztarria.eus 2020ko ots. 28a, 11:14
Eider Garate.

Joan zen irailaz geroztik, Turinen da Eider Garate (Azpeitia, 1998) Industria Diseinu eta Produktu Garapen ingeniaritza ikaslea, hamar hilabeteko Erasmus beka bat tarteko. Azken egunetan Covid-19 birusaren hainbat kasu atzeman dituztela eta, Eusko Jaurlaritzak etxera itzultzea gomendatu die Italian diren euskal ikasleei. Garatek Turinen jarraitzea erabaki du, eta harekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Italian ere alerta egoera piztu da koronabirusa dela eta. Noiz hasi zineten gaiaren inguruko informazioa jasotzen?

Informazioa pixkanaka-pixkanaka iritsi zaigu. Hasieran, Milango egoera ezagutu genuen, han agertu baitzen lehen kasua. Hala ere, gaiak eztanda joan zen asteburuan egin zuen, Veneziako inauteriekin batera; izan ere, jaietako azkenengo bi egunak bertan behera uztea erabaki zuten koronabirusaren aurkako protokoloa jarraituz.

Turinen zaude zu. Zein da horko egoera?

Piamontera ere iritsi da birusa, baina, hala ere, egoera ez da esaten duten bezain muturrekoa. Jendea badabil kalean, parkeak jendez beteta daude, eta maskarilla janzten duten pertsonak oso gutxi dira. Gobernuak sartu digun beldurraren ondorioz, farmazietan agortu egin dira eskuetarako gel desinfektatzaileak nahiz hirugarren graduko maskarillak, baina supermerkatuek nahiz denda txikiek normaltasunez jarraitzen dute lanean.

Nola ari zarete bizitzen egun hauek?

Egun arraroak ari dira izaten. Koronabirusaren Italiako eztandak Venezian harrapatu ninduen, eta bidaia moztu behar izan genuen; Veronara eta Paduara ez ginen iritsi. Gaiaren bueltan sortu den larritasuna behar baino handiagoa da, eta horretan eragin handia dute hedabideek. Izan ere, Euskal Herriko nahiz Espainiako komunikabideek saldu duten egoera neurrigabea izan da. Garrantzitsua da birusari aurre egiteko neurriak hartzea, baita birusaren aurrean zentzuz jokatzea ere, baina beldurrak ez du laguntzen aurre egiten. Turinen gaudenontzat bizi dugun egoera baino gogorragoa da gure familiek duten kezka, alarma egoera altua delako da eta gure ingurukoak oso kezkatuta daudelako. Beraz, lasaitasun mezua bidaltzea nahi dut, eta ondo gaudela azpimarratzea.

Unibertsitatea normaltasunez ari al da martxan?

Ez. Gobernuaren prebentzio neurriak tarteko, astebetez itxi dute, eta azterketak atzeratu dizkigute. Bati baino gehiagori arazoak ekarri dizkio horrek; izan ere, lehenengo lauhilekoa bukatu eta etxera bueltau behar izan dute, eta unibertsitatea itxi dutelako, ekainean Turinera bueltatu beharko dute. Astelehenean kiroldegiak ere itxi zituzten, baina astearterako itzuli zen egoera normaltasunera.

Kalean zer girorekin egin duzu topo?

Kalean ohi baino jende gutxiago ikusten da. Dena den, tabernek eta dendek irekita jarraitzen dute, eta maskarilla herritarren gutxiengoak soilik janzten du.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrira itzultzea gomendatu dizue Italian zaudeten Erasmus ikasle euskaldunei. Gomendio horren aurrean, zer erabaki duzu?

Ikasleak, batez ere, familiek duten kezkagatik eta eskolak bertan behera utzi izanagatik ari dira etxera bueltatzen. Nik, momentuz, hemen gelditzea erabaki dut. Izan ere, koronabirusak gure adineko jendearengan duen arriskua urria da, eta beste hainbat gaixotasunek baino heriotza tasa txikiagoa dauka. Egoera asko okertzen bada eta eskolak epe luzera uzten badituzte bertan behera, orduan soilik bueltatuko naiz Azpeitira.