'Adu' eta 'Lur eta Amets' filmak emango dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2020ko ots. 27a, 10:07

Adu eta Lur eta Amets filmak ikusi ahal izango dira zapatutik astelehenera bitartean Soreasu antzokian. Adu filma zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) emango dute, eta Lur eta Amets, berriz, igandean (16:30). Emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke aurrez, baina emanaldien egunetan salgai jarriko dituzte Soreasuko lehiatilan.

Salvador Calvok zuzendutako eta 2019an Espainian egindako filma da Adu. Honako hau da pelikularen sinopsia: "Hiru istorio kontatzen ditu filmak: Afrikako txirotasuna eta han bizi diren pertsonen muturreko egoera dute komunean hirurek. Europara iristeko saiakeran, haur txiki bat eta haren ahizpa nagusia nahasita daude aireportu batean, hegazkin bateko upeltegietan sartu eta kontinentetik ihes egiteko zain. Bestalde, ingurumen-ekintzaile batek animalien ezkutuko ehizaren aurka borrokatu beharko du, bere alabaren arazo batzuei aurre egiten dien bitartean. Azkenik, Guardia Zibilak Melillako hesitik salto egin nahi duten pertsona kopuruari egin beharko dio aurre egunero, Afrikakoko bizitzetatik ihes egiteko eta bizitzeko leku hobea aurkitzeko. Adu filmak legez kanpoko migrazioa erakusten du hori sufritzen duten pertsonen ikuspegitik".

Lur eta Amets, berriz, Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek 2019an Euskal Herrian egindako filma da. Honako hau da animaziozko filmaren sinopsia: "Lur eta Ametsen gurasoek ezkontza dute asteburuan, eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazi-gozoak biziko dituzte. Beti izango dira Lur eta Amets protagonistak, Andereren eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti izango dituzte atzetik".