Urrezko bi eta zilarrezko domina bat irabazi ditu Maider Etxezabalek Munduko Sokatira Txapelketan

Uztarria.eus 2020ko ots. 25a, 13:58

Irlandan jokatu den Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan euskal sokatiralariek hamalau domina lortu dituzte guztira. Maider Etxezabal tiralari azpeitiarrak urrezko bi eta zilarrezko bat eskuratu ditu Arabako Badaiotz taldearekin. Etxezabal "oso gustura" dago munduko txapelketan lortutakoarekin.

Maider Etxezabal sokatiralari azpeitiarra gustura gelditu da Goma Gaineko Munduko Txapelketan egindako lanarekin. Eta ez da gutxiagorako, Arabako Badaiotz taldearekin hiru domina erdietsi ditu: bi urrezko eta zilarrezko bat. Urrezkoak joan den ostegunean eta ostiralean lortu zituzten, kluben arteko lehian 540 eta 500 kiloko kategorietan irabazita, hain zuzen. Zilarrezkoa mundu txapelketaren azken egunean lortu zuten euskal selekzioa ordezkatuz 500 kiloko kategorian irabazita.

"Ez genuen espero horrelako emaitzarik, eta poz handia hartu dugu. Poz handiena 500 kiloko garaipenak eman zigun, Txinako Taipeko sokatiralariei aurre egiteko gai izan ginelako", azaldu du Etxezabalek munduko txapelketa bukatu ondoren. Txapelketa hori bukatuta, sokako denboraldia amaitu dute tiralariek. Dena den, ez dira geldirik egongo kirolariak, izan ere udaberrian-udan beste herri kirol batzuetan ariko dira lehian edota erakustaldietan. "Nire kasuan igeriari eutsiko diot", gaineratu du azpeitiarrak.