Zaldibarko auzia argitzeko, desagertutako langileak aurkitzeko eta erraustegia gelditzeko eskatu dute ehunka azpeitiarrek

Uztarria.eus 2020ko ots. 22a, 22:12

18:30ean plazatik abiatuta, manifestazioa egin dute gaur, zapatua, ehunka lagunek Azpeitian Zaldibar argitu, langileak aurkitu, errauskailua gelditu lelopean. Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian jazotako gertakariak salatu eta zabortegian lanean zebiltzala desagertutako beharginak aurkitzeko galdegin dute kalera atera diren lagunek, baita Zubietako erraustegia gelditzeko eskatu ere. Mobilizazioarekin bat egin dute herriko hamabi eragilek: Sokaitz Eskalada Taldeak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Sortuk, ELA eta LAB sindikatuek, Elkar-ekinek, Basanderiek asanblada feministak, Erniarraitz Bertso Eskolak, Tabernarien Elkarteak, EH Bilduk, Ernaik eta Xanjuandegi Auzolaneanek. Desagertuta jarraitzen duten langileetako baten senideak eta Zaldibarko herritarrak izan dira mobilizazioan.

Manifestazioaren amaieran Iñaki Errazkinek eta Zaldibar Argitu plataformako kide batek hartu dute hitza. Azken horrek zabortegiaren inguruko herrietako bizilagunen egoera, hausnarketak, salaketak eta bizipenak elkarbanatu ditu Azpeitiko plazan elkartu direnekin. Azaldu du "langileak, osasuna eta erantzunkizuna" eskatzen dituztela, eta azpimarratu du Zaldibar inguruko herrietan "amorrua, mina eta ezjakintasuna" direla nagusi gaur gaurkoz. Gogoan izan ditu desagertuta dauden bi langileak, eta esan du zabortegiko beharginen lan baldintzak "salagarriak" direla. Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa gaitzetsi du: "Eusko Jaurlaritzak bazekien hor [zabortegian] zer gertatzen ari zen, eta badaki gaur egun zer gertatzen ari den. Beste gauza bat da zer informazio ematen duen. Ardurak bi lekutan kokatzen dira: enpresari horiengan eta horien kontrola egin behar duen Eusko Jaurlaritzarengan. Baina zer kontrol egingo du, kontrol jarduera bera ere pribatizatu egin zuen eta". Halaber, "guztiaren azpian" hondakinen kudeaketaren auzia dagoela azpimarratu du. "Bizitzak erdigunean jarri nahi baditugu, badugu zer bota zerri askara", esanez bukatu du hitzartzea.  

Iñaki Errazkinek hartu du hitza ondoren. Zubietako erraustegiaren inguruan mintzatu da, eta Zaldibarko auziaren eta Zubietako erraustegiaren inguruan egindako hausnarketa elkarbanatu du gaurko mobilizaziora batu diren herritarrekin: "Zaldibar inguruan neurtu diren dioxina eta furano mailak baino milioi bat aldiz gehiago emititzeko baimena du erraustegiak. Zaldibarren alarma pizteko arrazoiak eta neurri prebentiboak hartzeko arrazoiak badaude, erraustegiaren kasuan, ez?". Era berean, Errazkinek salatu du "zaborraren bueltan negozio handia" dagoela. Horrez gain, hondakinen kudeaketa politika hobetzera bidean egiteko "lan asko" dagoela adierazi du, eta herritarrei dei egin die bide horretan beren alea jar dezaten.

Hona hemen mobilizazioaren deitzaileen irakurketa, osorik: 

"Egun hauetan Zaldibarren eta inguruko herrietan ematen ari diren gertaeren aurrean, honako adierazi nahi dugu:

Ezer baino lehen, desagertuta jarraitzen duten bi langileen senideei gure elkartasun eta hurbiltasun guztia helarazi nahi diegu. Langile hauen gorpuak aurkitzeak lehentasuna du une honetan, eta horretarako baliabide guztiak jartzea eskatzen dugu. Hauekin batera, gogoan ditugu urtea hasi zenetik lanean hil diren beste hamaika langileak ere.

Inolako kontrolik gabe, orotariko hondakinak nahasian jasotzen zituen Zaldibarko zabortegiak, inguruneari eta herritarren osasunari erreparatu gabe. Zabortegiak gain hartu duen honetan, ondorioak are larriagoak bihurtu dira: suteak, amiantoaren agertzea eta airean dagoen dioxina kopurua kasu. Gertatzen ari denaren informazio osoa eta gardena izatea aldarrikatzen dugu, baita enpresako arduradunen eta arduradun politikoen artean zituzten isilpeko hitzarmenak zein ziren jakitea ere.

Hondakinen kudeaketaren atzean (ere) itzeleko interes ekonomikoak daudela agerian gelditzen ari da azken urteetan. Hondakin gutxiago sortzeko eta birziklatzeko politika eraginkorrak baztertu dira erakunde nagusietatik, enpresa handien interes ekonomikoen menpe dauden politikak bultzatuz. Baina enpresari handien irabazien itzalean daude ingurugiroari eta herritarren osasunari egindako kalteak. Zaldibarko kasuan bezala, antzekoa ikusten ari gara Zubietan laster martxan jarriko den erraustegiarekin.

Horregatik, hondakin gutxiago sortzea eta ahalik eta gehien birziklatzea ahalbideratzen duten hondakin-politikak ezartzea eskatzen dugu, erraustegia bezalako proiektuak bertan behera utziz".