Martxoaren 1ean hasiko da X. Erniarraitz Txapelketa

Uztarria.eus 2020ko ots. 21a, 14:24
IX. Erniarraitz Txapelketako argazkia.

Orotara, hemezortzi bertsolari gaztek jokatuko dute sariketa, eta horien artean dira Eder Iturralde, Jon Gurrutxaga, Iker Letamendia, Oier Etxeberria eta Imanol Albizu azpeitiarrak. Ohi bezala, hiru kanporaketa izango dira. Lehen saioa Errezilen izango da, bigarrena Zestoan eta hirugarrena Azkoitian. Finala, berriz, martxoaren 27an izango da Azpeitiko Gaztetxean. Bi urtean behin antolatzen du txapelketa Erniarraitzek.

Badator Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako X. Erniarraitz Bertso Txapelketa. Martxoaren 1ean, igandez, hasiko da sariketa, eta martxoaren 27an bukatuko da. Guztira, Euskal Herriko hainbat txokotako 18 bertsolari gaztek parte hartuko dute txapelketan, eta Azpeitiko bertsolariek ere ez dute hutsik egingo. Izan ere, txapelketan parte hartuko dute Eder Iturraldek, Jon Gurrutxagak, Iker Letamendiak, Oier Etxeberriak eta Imanol Albizuk.

Aurten ere hiru kanporaketa eta finala izango ditu txapelketak. Lehen saioa martxoaren 1ean izango da Errezilgo Borondegin, 17:30ean hasita. Saio horretan parte hartuko dute Eder Iturralde, Maider Arregi, Unai Izagirre, Joanes Illarregi, Aroa Arrizubieta eta Sarai Robles bertsolariek.

Bigarren kanporaketa martxoaren 15ean izango da, Zestoako Kultur Etxean, 17:30ean hasita. Bigarren kanporaketan honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Iker Letamendia, Eli Pagola, Irati Ancantarilla, Markel Eizagirre, Jon Gurrutxaga eta Mikel Iturriotz.

Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute martxoaren 22an, 17:30ean hasita. Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria, Imanol Albizu eta Aitor Zubikarai arituko dira bertsotan Azkoitiko saioan. Kanporaketetan lanik txukunena egiten duten sei bertsolariak jokatuko dute finala. 

Finala martxoaren 27an, ostiralez, jokatuko dute, eta ohi bezala Azpeitiko Gaztetxean izango da. 22:00etan hasita, hiru kanporaketetatik sailkatzen diren sei bertsolariak ariko dira nor baino nor txapelaren bila.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatzen du Erniarraitz Txapelketa, eta Euskal Herriko hainbat txokotako bertsolari gazteek parte hartzen dute bertan. 2018an jokatu zen IX. Erniarraitz Txapelketa, eta orduko hartan Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak jantzi zuen txapela.