Hiromi Yoshida: "Hasierako nire kezka zen jendeak barrerik egingo ote zuen"

Gipuzkoako Hitza 2020ko ots. 26a, 10:50
Hiromi Yoshida.

Umorea dute helburu rakugoek. Yoshidak ez zuen oso argi Japonian arrakastatsuak diren istorio horiek Euskal Herrian ere funtzionatuko ez ote zuten. Alabaina, pozik dago saioek izaten duten erantzunarekin. Miren Garate kazetariak honako elkarrizketa hau egin dio Azpeitiarekin lotura estua duen Yoshidari. Bihar, osteguna, rakugo saioa eskainiko dute Azpeitiko liburutegian, 19:00etatik aurrera.

Japoniarra da Hiromi Yoshida (Yuwaza, 1960), eta erdi azpeitiarra ere bai dagoeneko. Urtean bi aldiz etortzeko ohitura du, eta hilabete inguruko egonaldia egiten du aldi horietako bakoitzean. Besteak beste, rakugo emanaldiak egiteko aprobetxatzen du. Joan zen astean, Lazkaoko Maizpide euskaltegian izan zen saio horietako bat, eta bihar, osteguna, Azpeitiko udal liburutegian eta igandean Donostiako Bukowski tabernan izango dira. Yoshidak japonieratik euskaratzen ditu rakugoak, baina kontatzera ez da ausartzen. Horretarako "dohainik" ez duela dio, baina aurkitu du nork kontatua, rakugoaren bueltan taldetxo bat sortu baitzuten Azpeitian orain urte batzuk.

Japoniako ahozko tradizioko genero bat da rakugoa. Zein da haren historia?

Orain dela hirurehun edo laurehun urte inguru sortutako ahozko tradizio mota bat da rakugoa, ipuin kontaketa bat, baina printzipioz helduentzat egindakoa. Haren jatorriari buruz esaten da garai hartan antzerkia ikustea oso garestia zela. Rakugoak, ordea, ez du muntaketa handirik eskatzen, eserita kontatzen dira, eta kontalariak ez du aparteko ezer behar izaten. Horregatik, ez zen hain garestia, eta herritar xumeek ere izaten zuten rakugoak entzutera joateko aukera.

Zein ezaugarri ditu?

Iraupenari dagokionez, gehienetan nahiko motzak izaten dira, hamabost edo hogei minutu ingurukoak, ordubetekoak ere badauden arren. Kontalariak interpretatzen ditu istorioan agertzen diren pertsonaia guztiak, ahots aldaketen bidez. Rakugoak beti eserita kontatzen dira, eta Japoniako jantzi tradizionalez, kimonoz, jantzita. Oihal txiki bat eta abaniko bat ere izaten ditu kontalariak. Abanikoak gauza askotan laguntzen dio; zerbait jaten ari dela irudikatu nahi badu, adibidez, zotzarena egin dezake abanikoak.

Nolako istorioak kontatzen dira rakugoetan?

Umorezkoak izaten dira istorioak, jendeak barre egitea izaten dute helburu. Eta, barre eragiteko, era askotako komeriak kontatzen dituzte: jende xumearen eta aberatsen artekoak, lapurren artekoak, mozkorrenak… Maitaleen arteko kontuak eta pertsonaia aldrebesenak ere askotan agertzen dira.

Euskal Herrian egiten dituzuen emanaldietan, euskaraz izaten dira rakugoak. Itzuli egin dituzue japonieratik, edo propio prestatutakoak dira?

Itzulpenak izaten dira, rakugo obra fresko batzuk aukeratu eta euskaratu egin ditugu.

Nolatan hasi zinen Euskal Herrian euskarazko rakugo saioak antolatzen?

2012an egin genuen lehen saioa. Hasiera batean, rakugo obra batzuk euskaratu eta liburu batean argitaratzea zen nire asmoa; alabaina, ahozko tradizioa izanik, ikusi nuen liburu batean argitaratuta ez zuela graziarik izango. Antzeztu egin behar dira jendearen aurrean; horrek ematen die xarma.

Irakurri elkarrizketa osoa, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.