Iturri zaharretik...

Uztarria.eus 2020ko mar. 4a, 10:04

Azpeitiko udalerrian barrena hamaika iturri dago; berriak, gehienak. Aspaldikoak diren batzuk aukeratu dira 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian Klik! argazki erreportajea osatzeko, Nora Alberdi kazetariaren irudiekin eta testuekin.

Iturri Txiki

Aukeratutako zortzi iturrietatik ur emari txikiena Done Jakue kalekoak du. Bi animaliak osatzen dute iturriaren ahoa; dordokak eta gainean duen igelak. Iturriaren azpian iturria eraiki zen urtea dago adierazita: 1986. urtea, hain zuzen ere. Sorreran, ondoan gizonezko baten irudia zuen iturriak, zutik.

 

Albergako iturriak

Lau iturrik osatzen dute Done Jakue kaleko albergaren eraikineko etxaurrea; erdian bi daude, eta beste bi, alde banatan. Irudi oso bereziak dituzte iturriek. 1842. urtean egin zuten eraikina, eta 1982. eta 1984. urteen artean berritu egin zuten. Jose Javier Olazabalen aginduz eraiki zuten alberga.

 

Barrenetxeko iturria

Sanjuandegiko Barrenetxe auzoan, modu naturalean sortzen den ur beroa aprobetxatzeko, 300 metro luzeko hodi isolatu bat jarri zuten Barrenetxeko iturburutik igerilekuko sotoraino, 2014. urtean. Igerilekuko ura berotzeko erabiltzen dute egun iturburu horretako ura.

 

Kalebarreneko iturria

1765eko urriaren 13an erabaki zuen Azpeitiko Udalak Urrestillan iturri berria eraikitzea, herritarrek ur behar handia zutelako. Loiolako Santutegian lanean ibilitako Iberoko Inazio izendatu zuten obren arduradun. 1789an bukatu zuten iturria.

 

Nuarbekoa

Txistu etxearen aurrean dago iturria, garai batean alberga zenaren parean. Egun, iturri txiki bat dago, eta garbilekua nahikoa utzita dago.

 

Loiolan

Loiolan, Kabi Eder etxeari begira jarriz gero, ezkerraldean iturri txiki bat ikus daiteke. Loiolako lorategiko iturrian, berriz, ur emaria eta kostua aztertu ostean, ura moztu zuen udalak 2016. urtean. Hori egin aurretik, ordea, iturri zaharraren ondoan, beste iturri bat jarri zuen.

 

Azketako iturria

Azpeititik Xoxoterako bidean, Izarraitz mendikatean, 705 metrora dagoen iturria da Azketakoa. Imanol Elias zenak idatzitako Azpeitia historian zehar liburuan, iturriaz honako hau dago jasota: "Azketako iturriaren berri 1559. urtean ematen zaigu, udalak konponketa lanak egin behar zituela eta. Gero, 1899an ere konpondu zuten iturria, auzolanean".