Sansebastianei buruzko dokumentala egiten ari da udala

Uztarria.eus 2020ko ots. 20a, 12:28
Danbor taldeetako eta udaleko ordezkariak bileran.

Emakumeak helduen danborradan danborra jotzen atera zirela 40 urte beteko dira datorren urteko sansebastianetan. Urtemuga horretatik abiatuta eta danborradaren historia jasotzeko asmoz ari dira ikus-entzunezkoa egiten. Urtean zehar hainbat elkarrizketa egingo dituzte lana osatzeko.

Emakumeak helduen danborradan danborra jotzen atera zirela 40 urte beteko dira datorren urteko sansebastianetan. Urtemuga horretatik abiatuta eta danborradaren historia jasotzeko asmoz, dokumental bat egiten ari da udala. Aurtengo helduen danborradan hainbat irudi hartu zituzten ikus-entzunezkoa egiten ari diren lagunek, eta hainbat elkarrizketa egingo dituzte urte osoan zehar. Udalak adierazi duenez, dokumentala datorren sansebastianetarako prest izatea aurreikusten du.

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak azaldu duenez, "pauso garrantzitsua" izan zen emakumeak danborradara batzea: "Festaren bilakaerarekin zuzenean lotutako gertakaria izan zen, ziurrenik. Gaur egun oso normaltzat dugu emakumeek parte hartzea, baina bada zer kontatu". Duela egun batzuk egin zuten joan berri diren sansebastianen inguruko balorazio bilera, eta hara joandako ordezkariek dokumentalerako ekarpenak egitekoa aukera izan zutela adierazi du zinegotziak.

Festen balorazio "positiboa"

Horrez gain, aurtengo festen balorazioa ere egin zuten bilkurara joandako danbor taldeetako ordezkariek. Udalak azaldu duenez, hobetzeko hainbat puntu aipatu zituzten horiek, hala nola San Sebastian eguneko banderaren jaitsiera beste modu batean egitea. Gai horri eta bestelako ekarpenei eusteko, festen koordinaziiorako lantaldea sortzeko aukera ere plazaratu zuten bilkuran. "Badaude hobetu  edo egokitu daitezkeen hainbat kontu, eta denon artean adostuta egitea da onena", azaldu du Festa batzordeburuak.

Hobekuntza proposamenak eginagatik, festen balorazio "positiboa" egin zuten bileran bildutakoek, eta horiek San Sebastian bezperako helduen danborradan 1.500 lagunek aldi berean danborra jotzeak duen balioa azpimarratu zuten. Gainera, danbor taldeen inplikazioa eta elkarlana eskertu zituen Odriozolak.