Karnabalak 2020

Ikastetxeetan prest dira karnabalak ospatzeko

Uztarria.eus 2020ko ots. 20a, 20:34
Iazko euskal inauterien kalejiraren une bat.

Urtero bezala, Ostiral Mehe egunez hasiko dira Azpeitiko ikasleak inauteriez gozatzen. Ikastetxeen barruan egingo dituzte biharko mozorro festak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta kalera aterako du aurten ere euskal inauterien jaialdia Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, 18:30ean hasita.

Lau eguneko atsedenaren aurretik, karnabalak ospatuko dituzte bihar Azpeitiko ikastetxeetan. Urtero bezala, Ostiral Mehe egunez hasiko dira Azpeitiko ikasleak inauteriez gozatzen. Ikastetxeen barruan egingo dituzte biharko mozorro festak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta kalera aterako du aurten ere euskal inauterien jaialdia Azpeitiko Ikastola Ikasberrik.

Arratsaldez egingo dituzte Inauteri festak Karmelo Etxegarain, 15:15ean hasita LHkoena, Perdillegiko eraikinean; eta 15:30etik aurrera HHkoena, Euskal Herriakoan. Abestiak eta dantzak, zezena, eta erraldoiak eta buruhandiak izango dituzte HHkoen festan, eta mozorro desfilea eta abestiak LHkoenean. Arratsaldea borobiltzeko, Zutarri guraso elkartekoek prestatutako txokolate beroa dastatzeko aukera izango dute ikasleen beren geletan.

Iraurgin, berriz, goiz eta arratsaldez antzemango dute Karnabal kutsua biharkoan. Goizean, Batxilergoko 2. mailako ikasleak mozorrotuta joango dira LHkoengana, azken horien jolastordua girotzera; LHkoek ere soinean izango dituzte eskulanetan egindako kapiroteak. Eguneko ekitaldi nagusia bazkalondoan izango dute, 15:45ean hasita. HHko ikasleen dantzekin hasiko da ikuskizuna, eta LHkoen txanda etorriko da gero.

Euskal inauterien jaialdia

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko HHko, LHko, DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek euskal inauterien jaialdia aterako dute kalera bihar arratsaldean, eta horrekin hasiko da herrian karnabaletako jai egitarau ofiziala. 18:30ean hasiko dute kalejira Ikasberrikoek Olazko Andre Mariaren plazan, eta handik abiatuta, Alde Zaharrean barrena ibiliko dira, geldialdiak eginez –plaza, Elizkale, parrokia ataria, Perez Arregi plazatxoa, Erdikale, Plaza Txikia eta plaza–. Joariak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, kotilungorriak, txatxoak eta zanpantzarrak ibiliko dira kalejiran, eta hainbat dantza egingo dute, hala nola sorgin dantza, azeri dantza eta biribilketa. Ibilbidea plazan bukatuko dute 19:30 aldean, hainbat dantza eskainita.