Karnabalak 2020

Bigarren urtez Astelehentxotx! antolatu du Gaztetxeak, Astelehen Karnabalerako

Uztarria.eus 2020ko ots. 21a, 10:38
Iazko Astelehentxotx!. (Azpeitiko Gaztetxea)

20:30ean irekiko dute Gaztetxea Astelehen Karnabalean. Ordu horretatik aurrera, nahi duten herritarrek bertan afaltzeko aukera izango dute. Jatekoa kanpotik eraman beharko da, eta Gaztetxeak edaria jarriko du borondatearen trukean. Denetariko musika jarriko dute "festan murgiltzen hasteko".

Lengo urtean egin bezala, aurten ere Astelehentxotx antolatu dute Azpeitiko Gaztetxeko kideek Astelehen Karnabalerako. Gaztetxeko sukaldea martxan jarriko ez duten arren, bertan afaltzeko aukera eskainiko dute egun horretan, 20:30etatik aurrera. Bertan afaldu nahi dutenek jatekoa kanpotik eraman beharko dute, baina Gaztetxeak ardoa eta sagardoa jarriko ditu bertaratzen diren lagunentzat, borondatearen truke.

Hainbat urtetan Astelehen Karnabalerako afaririk antolatu gabe egon ostean, iaz berreskuratu zuten ohitura, Astelehentxotx izenarekin. Gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, iaz jende ugari bertaratu zen Gaztetxera Astelehen Karnabalean, eta hori ikusita erabaki dute aurten ere Gaztetxea irekitzea Karnabaletan bertan afaldu nahi duten gazteentzat. Denetariko musika eskainiko dutela aurreratu dute Gaztetxeko kideek, eta jendeak nahi izatekotan jolasak egingo dituzte.