Zabaldu dute ekainean Azkoitian jokatuko den 3x3 Futbol Festan izena emateko epea

Uztarria.eus 2020ko ots. 18a, 15:23
Iazko txapelketako irudi bat.

Urola Kostako 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu ahal izango dute ekainaren 26an eta 28an Azkoitiko plazan jokatuko duten txapelketan. Maiatzaren 15era arte eman ahal izango da txapelketarako izena Internet bidez nahiz Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat saltokitan.

Datorren ekainean Azkoitian izango den 3x3 Futbol Festarako izena emateko epea zabaldu du Azpeitia Cupek. Ekainaren 26tik 28ra jokatuko dituzte futbol partidak Azkoitiko plazan, eta Urola Kostako 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek —Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautz— eman ahalko dute lehiarako izena. Maiatzaren 15era bitartean izango da horretarako aukera.

2008 eta 2015 urteen artean jaiotakoak diren eta Futbol Festan parte hartu nahi duten gaztetxoek Azpeitia Cup txapelketaren webgunean, Azkoitiko Plaza Berri Sport zein Ñam-ñam dendetan eta Azpeitiko Ufito dendan eskura ditzakete izen-emate orriak. Jokalari bakoitzak hamabi euro ordaindu beharko du txapelketan parte hartzeko. Talde bakoitzak lau edo bost jokalariz osatutakoa izan beharko du. Aldiz, antolatzaileak arduratuko dira norbanakoekin taldea osatzeaz.

Ekainaren 26an eta 28an jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak, plazan muntatuko dituzten futbol zelaietan, eta partida bakoitza hamar minutukoa izango da. Dena den, oraindik ez dute zehaztu neurketen ordutegia. Txapelketan parte hartzen duten jokalari guztiek kamiseta eta domina bana jasoko dituzte.