Azpeitiko xakelariek sendo jarraitzen dute Gipuzkoako taldekako Kutxa Ligan

Uztarria.eus 2020ko ots. 18a, 09:14
Hirugarren mailako taldekideak, joan zen zapatuan Arrasaten. (Xaputarrak)

Xaputarrak klubeko bi taldeak garaile izan dira seigarren jardunaldian ere. Bigarren zein Hirugarren mailetan, sailkapeneko bigarrenak dira azpeitiarrak. Bigarren mailan, gainera, liderrarekin berdinduta dago Domusa-Azpeitia A taldea, eta igoera fasea jokatzeko txartela lortua du jada.

Seigarrena ere jardunaldi borobila izan da Azpeitiko xakelarientzat Kutxa Ligan, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Xaputarrak klubeko bi talde ari dira txapelketa hori jokatzen, Domusa-Azpeitia A Bigarren mailan eta Domusa-Azpeitia B Hirugarrenean, eta biek irabazi zituzten beren neurketak joan den zapatuan.

Bigarren mailan, Azpeitiko taldeak alde polita aterata gainditu zuen Zarauzko Ciriondo.com taldea. Baigeran, 3,5-0,5 emaitzarekin nagusitu ziren azpeitiarrak; Cristian Cretuk, Eneko Alberdik eta Patxi Isasmendik irabazi egin zituzten beren partidak, eta berdindu egin zuen berea Jose Andres Perezek. Emaitza horrekin, bigarren postuan jarraitzen dute azpeitiarrek, liderrarekin berdinduta. Gainera, matematikoki eskuratu dute jada igoera fasea jokatzeko txartela.

Hirugarren mailan estuagoa izan zen azpeitiarren garaipena. 1,5-2,5 irabazi zuten Xaputarrakeko ordezkariek Arrasaten Arlutz D taldearen kontrako neurketa; Julen Urangak eta Aner Alonsok irabazi egin zuten, Aitor Elustondok berdindu, eta Iñaki Urangak galdu. Hirugarren mailako sailkapenean ere bigarren postuan sailkatuta daude uneotan Azpeitikoak, liderrarengandik 2,5 puntura.

Datotten zapatuan jokatuko da Kutxa Ligaren zazpigarren jardunaldia. Domusa-Azpeitia A taldeak Mutrikun jokatuko du Txaturanga taldearen kontra, eta Domusa-Azpeitia B-k Zumaiako KBI taldea hartuko du Baigerako laugarren solairuan, 16:00etan.