'Parasitos' filma emango dute ostiralean eta zapatuan Soreasun

Uztarria.eus 2020ko ots. 19a, 10:17

Zinema aretoak betetzen eta sariak pilatzen ari den Parasitos filma Azpeitira iritsiko da datozen egunetan. Ostiralean eta larunbatean emango dute filma, 22:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren; izan ere, karnabaletan murgilduko da herria igandetik aurrera. Eskainiko dituzten bi emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke aurrez, eta saioen egunetan ere bai Soreasu antzokiko lehiatilan.

Hego Korean 2019an ekoiztutako filma da Parasitos, eta Bong Joon-ho da drama generoko lanaren zuzendaria. Orain dela aste gutxi banatu zituzten Oscar sarietan film onenaren eta zuzendari onenaren aitortza jaso zituen lanak, baita jatorrizko gidoi onenarena nahiz muntatze onenarena ere. Guztira, sei Oscar pilatu zituen filmaren lantaldeak. Canneseko Zinema Jaialdian ere sari nagusia jaso zuen Parasitosek: Urrezko Palmorria.

Honako hau da filmaren sinopsia: "Kim familia egunero borrokan ari da, ez baitute familia bururik, ezta lan egiten duen beste kiderik ere. Park familia ezagutzen dutenean, gauzak aldatu egingo dira. Familia diruduna da parktarrena, eta Kim familiako semeetako bat haientzat lanean hasiko da; ingeleseko eskolak emateari ekingo dio. Harreman sinbiotikoa izango du hark, eta Kim familiako kideek bizitzeko beharrezkoak dituzten zerbitzuak eskainiko dizkiete Park familiako kideei. Kim familia ekonomikoki suspertu egingo da".