Txistua beste doinu batzuetan

Uztarria.eus 2020ko ots. 15a, 10:58
'Bidean' izeneko kontzertu bateko irudia.

Bidean emanaldia eskainiko dute Xabier Zabala, Garikoitz Mendizabal eta Kaabestri hari boskoteak igandean Sanagustin kulturgunean, 18:30ean; Miren Fernandez izango dute artista gonbidatu. Txistua eta eskusoinuaren fusioan oinarritutako kontzertua izango da.

Xabier Zabalak bere ibilbide luzean zehar txisturako sortu dituen obrak biltzen ditu Bidean emanaldiak. Bihar, 18:30etik aurrera izango da kontzertu hori, Sanagustin kulturgunean, eta sarrera doakoa izango da.
Emanaldiaren berezitasuna txistua eta eskusoinuaren nahasketa berritzailea da. Horiekin batera, Kaabestri String Ensemble hari boskoteak (bi biolin, biola, txeloa eta kontrabaxua) Zabalaren konposaketekin bat egiten du, erritmo, doinu, eta estetika berezia gorpuztuz. "Kaabestri hari boskoteak garrantzi izugarria du konposaketan", nabarmendu du Garikoitz Mendizabal txistulariak. Miren Fernandez artista gonbidatuak ahotsa gehituko die doinuei.

Txistua izango da kontzertuko protagonista nagusia, eta ibilbide luzeko Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak joko du. Xabier Zabala, bere aldetik, esku soinuaz eta pianoaz arduratuko da. Mendizabalen hitzetan, emanaldiak "osagai hunkigarri asko" biltzen ditu: "Ibilbide luze baten laburpena da, Xabier eta nire arteko hartu-emanarena".

Azpeitikoa Bidean agertokira eramango duten zortzigarren kontzertua izango da. Printzipioz, aldaketarik ez bada, denboraldiko azkena abuztuan emango dute, Lekeition (Bizkaia). Hala ere, emanaldiak eskaintzeko aukera gehiago sortzea aurreikusten du taldeak.