16 urtetik gorakoentzat ikasgela egokitu du udalak Sindikatu Zaharrean

Uztarria.eus 2020ko ots. 13a, 16:10
Itxura hau du Sindikatu Zaharrean jarri duten ikasgelak. (Azpeitiko Udala)

"Proba gisa" moldatu dute lehen solairuko bilera geletako bat. Datorren astelehenetik aurrera, astelehenetik igandera, egunero irekiko ditu ateak ikasteko gelak, 08:00etatik 22:00etara.

"Hainbat herritarrek egindako eskaerei" erantzunez, ikasteko gela berria egokitu du udalak Sindikatu Zaharrean. Lehen solairuan jarri dute, hango bi bilera geletako bat moldatuta, eta 30 bat lagunentzako tokia dago bertan. 16 urtetik gorakoek erabili ahal izango dute ikasgela. Otsailaren 17tik aurrera, astelehenetik igandera egunero egongo da erabilgarri, 08:00etatik 22:00etara.

"Liburutegira jende asko joan ohi da ikastera, beteta izaten da askotan. Horretaz gain, asteburu osoan irekita izango den leku baten beharra azaldu izan digute Denon Artean prozesuaren bidez", adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak. Zinegotziak azaldu du, era berean, "proba gisa" jarriko dutela martxan Sindikatu Zaharreko ikasgela, "ordutegi eta azpiegitura egokiak" al diren ikusteko. "Herritarren behar batetik abiatutako proiektua da, erabilera ikusi eta joango gara egin beharreko aldaketak egiten", gaineratu du Goenagak.